Emakumeak «isilarazi eta ikusezin» bilakatu nahi dituzten erabakiekin «nazkatuta» dagoenez, LABek kanpaina bat abian jarri du sektore feminizatuetan gertatzen ari diren kaleratzeak salatu eta langileen prekaritatea azaleratzeko. Dinamika horren lehen pausoa gaur goizean eman du, Bilboko erdi aldean, Deustuko zubiko trafikoa moztuz.
Eguerdian izan da deialdia, eta 12:00etarako minutu gutxi falta zirenean elkartu da mozketan parte hartu zuen 50 pertsona inguruko multzoa. Pankarta zabaldu, eta Deustuko zubiko bi muturreko semaforoak gorrian zeudela baliatuz, lurrean eseri dira azpiegituraren erdian. Lau erreiak moztu dituzte. Enplegu suntsiketarik ez zioen pankarta zabaldu dute, eta prekaritatearen aurkako leloak oihukatu dituzte. Auto ilara berehala egin da, eta trabaturik gelditu diren ibilgailu gehienek buelta eman dute.
Ertzaintzak hamar bat minutu behar izan ditu agertzeko, eta bost autorekin izan da. Protestan parte hartzen ari ziren bi pertsona haiekin eztabaidan hasi dira, eta guztiek lurretik altxatzea erabaki dute. Ez da atxiloturik egon.
Errepide mozketaren ondoren Hau ez da digitalizazioa, prekarizazioa baizik zioen pankarta eskegi dute zubian, eta Inor ez dago soberan. Lana banatu, kapitala banatu zioen beste bat Zubiarte merkataritza gune barruan. Zubiaren alboan dago.
Beste ekintza batzuk
Maddalen Dorador LABeko kideak azaldu du dinamikaren zergatia: «Garbitzaileak gara, duintasunetik urrun dauden lan baldintzak ditugunak; ostalaritzako langileak gara, gure politikoek gu kontuan hartu gabe ireki eta ixten dituztenak... Jarduera ezberdinetako langileak gara, egunero-egunero are gehiago prekarizatuak eta tantaka kaleratzen gaituztenak, eta gure kaleratzeak ez dira inon ageri».
Zentzu horretan, emakumeen lana aitortzea «ezinbestekoa» dela gogorarazi die patronalari eta erakunde publikoei; besteak beste, «bizitzak sostengatzen» dituztenak direlako, pandemia hilabeteetan ikusi den bezala. Dinamikako ekintza gehiago izango dira Euskal Herriko beste toki batzuetan hurrengo egunetan.