Francois Fillon Frantziko lehen ministroak esan du Belgikarekin eta Luxenburgorekin batera Dexia nazionalizatzeko hartu duten erabakiarekin bankuko bezeroen eta hartzekodunen interesak bermatu dituztela, eta horrekin batera, langileek eskubide eta interesak ere bai.
Goizaldean hartu dute hiru Gobernuek erabakia, eta bezero, hartzekodun eta langileen interesak babesteko hartu beharreko neurriak hartuko dituztela gaineratu du Fillonek. Ipar Euskal Herrian hainbat bulego ditu Dexiak, besteak beste, Hendaian eta Baionan; guztira 35.200 langile ari dira lanean Dexian eta azpiko enpresetan.
Goizaldean hartu dute erabakia
Belgika, Frantzia eta Luxenburgoko gobernuek Dexia bankua erreskatatu eta nazionalizatu dute. Hiru zatitan banatuko dute, eta kutsatutako aktiboak bereiziko dituzte, banku txar batean. Yves Leterme Belgikako Finantza ministroak esan du Belgikak 4.000 milioi euro baliatuko dituela erreskatean. Dexiak goizaldean onartu du eskaintza.
Kutsatutako aktiboekin 90.000 milioi euro aktiboetan dituen bankua egingo dute, eta Belgikak, Frantziak eta Luxenburgek bermatuko dituzte, hurrenez hurren, %60,5, %36,5 eta %3. Bankuaren balioa guztira 180.000 milioi eurokoa izango da.
Bigarren aldia
Dexia erreskatatzen duten bigarren aldia, orain dela hiru urte 150.000 milioi euro ordiandu baitzizkiten. Orain erreskatea gauzatzen denean bermeetarako 450 milioi euro ordainduko ditu.
"Pozik gaude Dexiari zama guztiak kendu ahal izan dizkiogulako", esan du Letermek. Euren asmoa ez dela kapital sozialean betirako parte hartzea esan du Finantza ministroak, baina "azkarregi" ere ez dutela atera nahi. Parte hartzea bost urtekoa izango dela aurrikusten du.