Gipuzkoako Diputazioak atzo onartu zuen krisiaren ondorioz larri dauden enpresa bideragarriei laguntzeko dekretua. Iaz bost enpresak jaso zuten, 11 milioi euro guztira. Aurten diru saila milioi bat eurorekin abiatu da, baina behar izanez gero, handitu egingo dute. Jose Ramon Guridi Berrikuntza diputatuak uste du aurten laguntza eskatuko duten enpresak iazkoak baino txikiagoak izango direla.
Ramon Vizcaino da laguntza jaso zuen enpresetako bat: 2.250.000 milioi euro eta Ogasunaren duen zorra atzeratzea. Hala ere, Ramon Vizcaino larri dago. Laguntza jaso zuten gainerako lau enpresen egoera hobetzen ari dela esan zuen Guridik.
Enpresek zenbait baldintza bete behar dituzte laguntza jaso ahal izateko: plan estrategikoa edo enpresa plana edukitzea, baita enpresa akordioa ere, hau da, akordioa inguruko eragileekin (erakundeak, langileak, hornitzaileak, bezeroak...).
Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ramon Guridi Berrikuntza diputatuak atzo aurkeztu zuten krisiaren kontrako planaren bihotza, hau da, enpresei emandako laguntzak. Planaren ehun milioi eurotik ia erdia, 46 milioi euro, enpresentzat izango dira. Zati handiena aurten, eta txikiagoa datorren urtean. Diru horretatik 28 milioi euro enpresei laguntzeko izango dira; gainerako 18ak, berriz, zientzia eta teknologia azpiegiturei laguntzeko.
Enpresen erreskate planaz gain, diputazioak laguntzak emango dizkie enpresei lehiakortasuna hobetzeko, lanpostu kualifikatuak sortzeko eta talentua duten gazteak kontratatzeko. Iazko emaitzak ikusita, aurten 2.000 enpresari laguntzea eta 200 kontratu sustatzea espero dute.
Diputazioak ahalik eta oihartzun handiena eman nahi die deialdiei. Horretarako, webgune bat (www.2011krisiarenaurkakoplana.net), bi telefono zenbaki (943-11 23 42 eta 943-11 29 17) eta informazio jardunaldiak antolatu ditu.
Diputazioak iaz baino enpresa txikiagoak laguntzea espero du
Onartu ditu enpresei krisiaren ondorioak samurtzeko eta lehiakortasuna hobetzeko deialdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu