Diputazioak ondasunak enbargatu ostean, egur ekoizpena eten du Inamak

Urtea bukatutakoan Muxikako lantegia itxi nahi du zuzendaritzak; 160 langile geratuko dira kalean

2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Jarduteko baimenik gabe eta ondasun guztiak bahituta, Inama enpresaren ixteak saihetsezina dirudi. Eusko Jaurlaritzak eta Muxikako Udalak duela urtebete inguru kendu zioten jarduteko baimena, ingurumen betebeharrak aintzat hartzen ez zituelako. Ordutik, beldurrak airean egon dira 160 langileak, ekoizpena eteteko agindua edozein momentutan irits zitekeelako. Azkenean, agindu hori izan beharrean, opor fiskalen auzia izan da Inama ekoizpenaren zati bat etetera behartu duena.

Europako Justizia Auzitegiak ebatzitakoaren ildotik, Bizkaiko Foru Aldundiak 1990eko urteetan jasotako zerga laguntzak itzultzeko eskatu zien herrialdeko enpresei. Guztiek itzuli dituzte, Muxikako lantegiak izan ezik. Horiek hala, zor dituen 7,5 milioi euroak ordaindu artean, aldez aurreko neurri modura enbargoa ezartzea erabaki zuen diputazioak joan den astean. Erabakiaren berri izan orduko, lantegiko arduradunek egur ekoizpena geratzeko agindu zieten langileei.

Egunotan energia elektrikoa kogeneratzeko lanetan bakarrik ari direla jakinarazi zuten langileek atzo, Gernika-Lumon egindako prentsaurrekoan. «Horretan, eta makinak desmuntatzen». Muxikako lantegiko zenbait pieza kanpora daramatzatela salatu zuten, taldeak Teruelen (Espainia) duen lantegira, hain zuzen. «Ez dakigu, ordea, legezkoa den bahitutako ondasun horiek Muxikatik kanpora eramatea». Horregatik, badaezpada ere, Bizkaiko Foru Aldundiari gertatzen ari dena azaldu diote, beharrezko neurriak har ditzan. «Ertzaintzari ere deitu genion. Lantegira etorri eta argazkiak atera zituen, txostena prestatzeko».

Enpresak dio ez daukala modurik jarduera baimena berreskuratzeko exijitzen dizkioten baldintzak betetzeko eta ez daukala dirurik diputazioari zor diona itzultzeko. Irtenbide bakarra lantegia ixtea dela uste du, eta urtea bukatzean itxi egingo du. Horregatik, langileekin kaleratzeak eta kalte-ordainak negoziatu nahi ditu orain. Atzo arratsaldean, esaterako, gai horietaz hitz egiteko bildu ziren. Langileak, ordea, ez daude ezer onartzeko prest, ez kaleratzerik, ez kalte-ordainik. «Lana egon badagoelako, kanpora atera duten tresneria guztia berriro ekartzeko eta lantegia martxan jartzeko eskatuko diogu enpresari». Datozen egunetan diputazioko ordezkariekin bilduko dira langileak, arazoaren irtenbideak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.