Azaroa arte 10.472 milioi euro bildu dituzte zerga bidez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, joan den urteko tarte berean baino %10 gehiago. 2008 eta 2009. urteetan blketa hondoratu eta gero, aurten emaitzak hobetzea espero zuten ogasunek, eta hala izango da, batez ere BEZaren bultzada apartari esker.
2010eko aurrekontuak egin zirenean aurten 11.375 milioi euro lortuko zituztela kalkulatu zuten aldundiek. Joan den urrian, hala ere, zenbaki hori berrikusi zuten, eta urtea beste 425 milioi gehiagorekin amaituko zela jakinarazi zuten. Alegia, 2009. urteko itxierarekin alderatuz, %9,3ko igoera.
Orain arteko emaitzek aurreikuspena betetzeko ildoan daude, zerga urtea ixteko egun gutxi batzuk falta diren honetan. Uztailean indarrean sartu zen tasa igoerak eta Rover auziko diruak ezohiko bultzada eman diote Balio Erantsiaren Zergari. Izan ere, joan den urtean egin ziren aurreikuspenak gainditzea lortzen ari den zerga bakarra da. Azarora arte BEZaren bidez eskuratutako dirua ia %38 handitu da, mila miloi euro gehiago, hain zuzen ere. Iaz %9 baino gutxiago igoko zela kalkulatu zuten eta urriko berrikuspenean, %28.
Zuzeneko zergekin, aldiz, kontrakoa gertatzen ari da. Pertsona Fisikoen Errenta Zerga (PFEZ) espero zena baino gutxiago hazi da, eta Sozietate Zergaren jaitsiera handiagoa izaten ari da. Hain zuzen ere, PFEZarekin 3.658 milioi bildu dira urteko lehen 11 hilabeteetan. 400 euroko kenkarian murrizketak ezarri badira ere, hazkundea soilik %4koa izan da, %9 inguru gehiago lortuko zela kalkulatu zenean.
Enpresen etekinek ordaintzen duten zergaren jaitsierak ez du etenik. 2008an %16,8 murriztu zen, eta 2009an %18,3. Aurten, antzeko erritmoa du, eta azaroa arte %17 gutxitu da zerga horrek bildutako dirua. 2007 urtetik ia erdira jaitsi da enpresen irabaziek ordaindu duten dirua.
Beste zergek bilketan duten pisua txikiagoa da, eta ez da ezohiko mugimendurik gertatu. Esaterako, tabakoari ezartzen zaion zergak %0,8ko hazkundea izan du, abenduan indarrean sartu den tasaren igoeraren aurretik. Hala ere, diru guztiaren %3 baino gutxiago gehitzen dio zerga horrek bilketari.
Otsailean, behin betiko itxiera
2010. urteko zerga bilketaren itxiera datorren otsailean finkatu beharko du Finantzen Euskal Kontseiluak. Joan den urrian hiru ogasunen artean 11.800 milioi euro eskuratuko dituztela aurreikusi zuen organo horrek, aurrekontuak egiteko erabili zen kopuruan baino 425 milioi euro gehiago.
Aldundien ekarpen handiago horretan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak 249 milioi euroko plan berezia martxan jarri zuen joan den azaroan, inbertsio produktibo batzuk azkartzeko helburuarekin.
Diputazioen zerga bilketa %10 igo da azarora arte
BEZaren hazkunde apartari esker urteko kontuak orekatu ahalko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu