Diru laguntzei esker, auto berrien salmentak %45 igo dira Hego Euskal Herrian

Urtarriletik irailera, iaz garai berean baino %2,6 auto berri gutxiago matrikulatu dira Hegoaldean

Donostia
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Laugarren hilabetez jarraian, gora egin du auto berrien salmentak Hego Euskal Herrian. Irailean, 5.570 auto berri matrikulatu dira; iaz garai berean baino %45,2 gehiago. Bistakoa denez, ibilgailu berriak erosteko administrazioek ematen dituzten laguntzez baliatzen ari dira kontsumitzaileak. Ikusi egin beharko da, ordea, zer gertatzen den laguntza horiek amaitzen direnean.

Aurreko hilabeteetan gertatu modura, irailean ere Nafarroan hazi dira gehien auto salmentak. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, 1.339 auto berri saldu dira, iazko irailean baino %54,8 gehiago. Oso gertutik jarraitu dio Bizkaiak, han %54,3 igo baitira salmentak, 2.155 auto matrikulatuta. Gipuzkoan, %35ekoa izan da igoera; eta Araban, %27,6koa. Azken datu hori oso esanguratsua da, joan den hilean %29ko jaitsiera izan baitzuen autoen salmentak Araban.

Azken hilabeteetako datuei esker, apur bat samurtzen ari da 2009an auto merkatua izaten ari den jaitsiera. Maiatzean %25 amiltzen ari zen Hego Euskal Herriko merkatua, baina dagoeneko bere onera etortzen ari dela esan daiteke, jaitsiera %2,6koa baizik ez delako. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, guztira, 42.236 auto berri matrikulatu dira.

Nafarroan eta Bizkaian dagoeneko gora egiten ari da merkatua, %7,6 eta %0,3, hurrenez hurren. Beste bi lurraldeetan, ordea, ez. Urtarriletik irailera, iaz garai berean baino %10,1 auto gutxiago saldu dira Araban; eta %11,8 gutxiago Gipuzkoan.

Hego Euskal Herriko marka salduenak Renault eta Citroen dira, 5.370 eta 4.403 autorekin, hurrenez hurren. Haien atzetik daude, Opel (3.843), Ford (3.776), Peugeot , Volkswagen (2.907) eta Seat (2.386).

Laguntzak amaitzear

2000E Planaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 7.837 ibilgailu erosteko laguntzak eman ditu dagoeneko. Autoen sektoreari laguntzeko programarentzat aurreikusitakoaren %78,37 erabilita dago. Zehazki, 5.137 ibilgailurentzako diru laguntzak ordaindu ditu, eta gainerakoen izapideak egiten ari dira oraindik. 2000E Planari esker 10.000 ibilgailu berri erosteko laguntzak emango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Laguntzak abian jarri zirenetik asko igo dira salmentak Hego Euskal Herrian. Baina laguntza horiek bukatzen direnean zer gertatuko den, hori da auto saltzaileen kezka. Ez dago argi, gainera, behin aurrekontua bukatutakoan administrazioek laguntzak ematen jarraituko duten ala ez.



Autogintza sektoreko enpresek %23,4 gutxiago fakturatzea aurreikusten dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autogintza sektoreak emaitza txarrak espero ditu. 8.565 milioi euro fakturatuko dituela uste du, iaz baino %23, 4 gutxiago. Enpleguari dagokionez, berriz, urtea 34.162 lanposturekin bukatzea aurreikusten du, iaz baino %7,7 gutxiagorekin. Datu horiek eman zituzten, atzo, Zornotzan, Lehendabiziko Elkargune Estrategikoan. 2008an, 11.176 milioi euro fakturatu zituen autogintza sektoreak, eta 37.026 laguni eman zion lana. Azken hiruhilekoan sekulako gainbehera izan zuen, ordea. Jarduera %40 jaitsi zen, eta lanpostuen %9,6 galdu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.