Adituen arabera, urtea amaitzeko falta diren Batzordearen hiru bilkuretan, irailean, azaroan eta abenduan, tasak puntu laurden igotzen joango da Erreserba Federala, datorren urte hasierarako %4,25ean uzteko. Atzoko igoerarekin, azken lau urteetan maila handienean daude tasak AEBetan. Hori bai, igoeren aurretik, ekonomia estatubatuarra suspertzeko helburuarekin, tasak azken 50 urteetako mailarik txikienean, %1ean, zeudela gogoratu behar da. Orain, AEBetako ekonomiaren hazkundea sendoa dela %3,4 hazi zen bigarren hiruhilekoan inflazioa eta etxebizitza merkatuaren burbuila arriskua oso aintzat hartu behar ditu Erreserbak, eta ekonomia hozteko asmoz ari da pixkanaka tasak igotzen.Atzoko agirian, bere diru politikak «egokitzailea» izaten jarraitzen duela esan zuen Fedek eta horrekin bateratzen den «produktibitatearen azpiko hazkundeak» jarduera ekonomikoa sustatzen duela. «Nahiz eta energia prezioak handiak izan» gastuaren, eta lan merkatuarenbilakaera positiboak direla ere azpimarratu zuen. Energia prezioak aintzat hartzen ez dituen inflazioa maila eutsigarrian ikusten du erakundeak baita epe luzean ere. Hala ere, inflazioaren gaineko «arrisku handiak» ikusten ditu.Politika egokiarekin, hazkunde ekonomiko iraunkorrari eta aldi berean prezioen egonkortasunari eutsi ahalko diola uste du Erreserbak. Hori bai, prezioen egonkortasuna mantentzeko bere betebeharra betetzeko prest dagoela gogorarazi zuen.
Inflazio arriskuak
Zalantzarik gabe, prezioen egonkortasuna arriskuan jar dezakeen aldagai nagusia petrolioa da. Upelaren prezioa ia 65 dolarrera iritsi denean, gehiegizko inflazioaren arriskua gertu ikusten da. Inflazioa areagotu dezakeen beste aldagai bat da lan merkatuarena. Haren bilakaera onak, jada oso handia den estatubatuarren kontsumoa areagotu dezake, ekonomia sustatuz, eta aldi berean prezioak handituz. Eta edozein diru politikaren helburua ekonomia, hain zuzen, bi horiek egoki bateratzea da, ekonomia sustatzea, prezioak gehiegi handitu gabe. Non dago interes tasen neutraltasun puntu hori? Horretan dabiltza Greenspan eta bere lankideak.
Badute, ordea, beste helburu bat beren diru politikarentzat: AEBetako zenbait estatutan etxebizitza merkatuan antzeman daitekeen arriskua. Orain arteko tasa txikiek etxebizitzak erostera, atzera hipotekatzera eta maileguak eskatzera bultzatu dituzte estatubatuarrak. Azken datuen arabera, AEBetako biztanleen zorra 10 bilioi dolarrekoa da eta aurrezki tasa zeroan dago. Eta orain, epe motzerako tasak igotzen joan arren, 10 urterako tasak oraindik oso txikiak dira eta higiezinen merkatuaren berotasunari eusten diote. Eztanda egin dezakeen burbuilaz hitz egiten hasiak dira gero eta aditu gehiago.
PETROLIOA
Brent upela 61,98 dolarrera apaldu da
Petrolioaren prezioa gora eta gora doa. Atzo Londresko merkatuan, Brent upela 72 zentabotan murriztu zen, 61,98 dolarreraino eta New Yorken, Texas petrolio upelaren salneurria, berriz, %1,4 jaitsi zen atzo, 63 dolarreraino.
Azken egunetako petrolioaren garestitze etengabearen arrazoien artean daude, besteak beste Saudi Arabiako egoera politiko berria eta herrialde horretan zenbait taldek egindako atentatu mehatxuak. Saudi Arabiaren petrolio hornikuntzan eten baten beldur dira merkatuak. Iranek jarduera nuklearra berregiteko duen asmoak ere kezka zabaldu du, herrialde horrekin sor daitezkeen gatazkengatik.Gainera, egunotan, AEBetako zenbait findegik ekoizpena eten dute konponketak egiteko. Eta Mexikoko eguraldi txarrak ere hornikuntza murriztu du. Bata dela edo bestea dela, adituen arabera, petrolio enpresak euren jarduera ahalmenaren azpitik ari dira lanean. Bestalde, Espainiako gasolindegietako jabeek etorkizuna «kezka handiarekin» ikusten dutela esan zuten atzo. Gero eta garestiago, jendeak erregai gutxiago kontsumitzera joko duelako. Jada nabaritu dute gero eta jende gutxiagok eskatzen duela depositoa betetzeko. Euroak herritarren ikuspegia aldatu duela ere esan zuten, ez direlako jabetzen erregaien garestitzeaz: «Jendeak erregaiaren prezioa pezetatan ikusiko balu, gehiago pentsatuko luke autoa hartu edo ez».