2013. urterako aurrekontu proiektua sailez sail aurkezten hasi dira Eusko Jaurlaritzako sailburuak gaur, Eusko Legebiltzarrean. Kontu publikoen ildo nagusien berri eman du Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak. Jakina denez, joan den urtean baino 1.132 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko Iñigo Urkulluren gobernuak, iaz baino %10,8 gutxiago. Besteak beste, foru aldundiek zerga bidez bildutako diruaren murrizketak eragin du egoera.
Gainera, Gatzagaetxebarriak aitortu du kontuak prestatzeko kalkulatu ziren diru sarreren azpitik geratzeko arriskua egon badagoela. Izan ere, diru bilketaren aurreikuspena egin zenean aurten ekonomiak hazkundea izatea espero zen, baina orain %1,1 atzera egitea aurreikusita dago. Ez zuen zehaztu zenbat milioi gutxiago izan daitezkeen. Otsaila arte zerga bilketa iazkoa baino %3,6 txikiagoa izan da.
Oposizioko alderdiek defizit helburua (%0,7) arintzeko aukerari buruz galdetu diote. Zuhur mintzatu da Ogasun sailburua. Espainiako Gobernuarekin puntu hori ez dela oraindik hitzartu zehaztu du, eta horretarako "aho bateko" akordioa beharrezkoa da Kontzertu Ekonomikoaren bitarako batzordean. Oraingoz, negoziatzen jarraituko dute, eta Europako Batzordeak Espainiari defizit helburua handitzen dion edo ez argitu beharko da lehenbizi. Aparteko diru sarreraren bat egongo balitz, urrian egingo den Finantzen Euskal Kontseiluan ikusiko litzateke, sailburuaren arabera.
Gatzagaetxebarriak ziurtatu du "gobernuan edonor egonda ere" aurten gastu jaitsiera bera egin beharko lukeela. "Gobernuaren eginbeharra kontu orekatuak aurkeztea da, eta horregatik egin behar ziren halako murrizketak". Gastua non murriztu "erabaki politikoa" da, sailburuaren irudiko, eta hor osasunaren, hezkuntzaren eta bazterketaren aurkako laguntzak lehenetsi dituztela argudiatu du.
Aurrekontuak onartu ahal izateko oposizioaren laguntza beharko du Urkulluren gobernuak. "Badakigu geurea dela ardurarik handiena, baina ordezkaritza duten beste taldeek ere badute erantzukizun maila bat". Soilik gastu alorretan aldaketak egin daitezkeela ohartarazi du Ogasun sailburuak. Diru sarrerak aldatzeko edozein zuzenketa —PSE-EEk iragarri duen gisara— "osokoa" dela nabarmendu du. Hots, aurrekontu proiektua bertan behera geratzea eragingo luke, onartuko balitz.
Oposizioko alderdi guztiek zalantzan jarri dituzte aurrekontuak, eta bat etorri dira ekonomia suspertzeko ez dutela balio.