Diru sarrerak bermatzeko laguntza onartzeko era kritikatu dute

Gipuzkoako Diputazioak udalak ez dituela kontuan hartu esan dute EAJk eta PSE-EEk

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Urtearen hasieran diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu egin zituen Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, gutxieneko erroldatze aldia urtebetetik hiru urtera luzatuta. Aldaketa horrek hainbat herritar inolako laguntzarik gabe utziko zituela iritzita, Gipuzkoako Diputazioak laguntza berri bat sortzea erabaki zuen, diru sarrerak bermatzeko saria izenekoa. Ekainean jarri nahi du indarrean, dekretu bidez. Oposizioko alderdiek funtsean laguntzarekin ados daudela esan dute, baina gaitzetsi egin dute hura onartzeko modua.

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak agerraldia egin zuen atzo Batzar Nagusietan, berak eskatuta. «Presaka eta inprobisatuz» jokatzea egotzi zion EAJk. Alderdiaren esanetan, udalei ez die laguntzaren berririk eman, nahiz eta eurek tramitatu beharko duten. «Moduek hondatu egin dezakete proiektu on bat», esan zuen Eider Mendoza batzarkideak. PSE-EErentzat ere Bilduk ez ditu kontuan hartu udalak. Horrez gain, laguntza ez dela berritzailea azaldu zuen Susana Garcia Chueca batzarkideak. Gauza berbera esan zuen Aralarreko Rebeka Uberak, diru laguntza «positiboa» dela nabarmendu ostean. PPk «arinkeriaz» jokatzea leporatu zion Rodriguezi, «pobreziari buruzko azterketarik ere ez duelako egin».

Rodriguezen arabera, «agian hobetzeko modukoa izan da laguntza onartzeko forma». Hala ere, gezurtatu egin zuen udalak alde batera utzi izana. Adierazi zuen bilera informatibo eta parte hartzaile bat egin zutela, eta iragarri zuen datozen asteetan gehiago egingo direla.

Diputazioaren arabera, laguntza 600 eta 900 euro artekoa izango da, eta aurten 1,4 milioiko inbertsioa eskatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.