Diru sarrerak jaisten badira, gastua murrizteko neurriak prest ditu Jaurlaritzak

Espainiako Auzitegi Gorenak 'Rover auzian' arrazoia euskal erakundeei ematea espero du Agirrek

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Espero dituen diru sarrerak lortzerik ez badu, Eusko Jaurlaritzak prest dauka gastuak gutxitzeko plan bat. Hala jakinarazi zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, heldu den urteko aurrekontu proiektua azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Agirrek ez zuen planari buruzko xehetasunik eman, baina aurrekontuetan zenbait gastu «gelditzeko» aukera badutela ziurtatu zuen.

Datorren urtarrilaren 26an hitzordu garrantzitsua dute Jaurlaritzak eta aldundiek Espainiako Auzitegi Gorenean. Egun horretan Rover auziari buruzko epaia kaleratuko du Gorenak, eta diru asko dago jokoan. Hasiera batean, MG-Rover autogileak Araiako gune logistiko batetik inportatzen zituen ibilgailuen BEZa likidatzeko eskumena Arabako Ogasunak zuela erabaki zuen auzi fiskalak aztertzen dituen arbitratze batzordeak. Hori dela eta, Espainiako Ogasunak 435 milioi euro itzuli behar izan zizkion Arabari.

Erabaki horrek zerga bidezko diru bilketaren beherakada arindu zuen, eta kontu publikoak orekatzen lagundu die Jaurlaritzari eta aldundiei. Haatik, dirua ordaindu bai, baina arbitratze batzordearen erabakiaren aurkako helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Horixe da orain Gorenak argitu beharko duena.

Epaileek arrazoia Espainiari ematen badiote, Lopezen gobernuak 300 milioi baino gehiago bueltatu beharko ditu. Agirrek, hala ere, arrazoia euskal erakundeei emango zaiela espero du, batzordearen erabakia «ondo oinarrituta» zegoelako.

Arazoak arazo, defizit publikoa erdira gutxitzeko konpromisoari eutsiko dio Jaurlaritzak heldu den urterako. Aurtengo amaieran defizita BPGaren %2,4 izango dela aurreratu zuen Agirrek, eta heldu den urtean, berriz, %1,3 da helburua: 855 milioi euro. Zor publikoaren interesak eta amortizazioak ordaintzeko 310 milioi euro jarri beharko ditu gobernuak, bestalde.

Defizitari kontra egiteko onartu zituen murrizketak, eta datorren urteari begira ere langile publikoen soldata izoztea defendatu zuen sailburuak. «Sektore publikoko langileen soldatak eta baldintzak oso onak dira, eta oso erakargarriak». Oro har, langileek egin beharreko ahalegina ondo ulertu dutela ziurtatu zuen.

Bingoen zergak, behera

Beste moldaketa fiskal bat ere defendatu zuen Agirrek. Hain zuzen ere, bingoek Jaurlaritzari ordaindu beharreko tasa %4tik %3,6ra jaitsiko da. Erabakia «aldundiek eskatuta» hartu dutela azaldu zuen sailburuak. Foru gobernuek ere bingoek ordaindu beharreko zergak %20tik %18ra jaisiko dituzte. Neurriaren helburua 500 langile dituen sektore horri «suspertzen laguntzea» da, eta Agirrek espero du sari handiagoen tasei esker administrazioen diru sarrerak ez direla jaitsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.