Onartuta dago lan erreforma, baina zehaztea falta da. Alderdi politikoei herenegun amaitu zitzaien zuzenketak aurkezteko epea. PPk 40 proposatu ditu, horietako asko CiUrekin negoziatuta. Besteak beste, kaleratze ekonomikoen eta abstenismoagatik egin ahalko diren kaleratzeen baldintzak finkatu ditu. Gehiengoa duenez, pentsa daiteke asko jota aldaketa txikiekin aterako dituela aurrera.
Erreformak dio langileak kaleratzeko aski izango dela enpresak hiru hiruhilekotan galerak izan dituela argudiatzea. Ez zegoen argi konparaketa zein tarterekin egin behar zen. PPren zuzenketak dio aurreko urteko epe berarekin egin beharko dela. Horrez gain, zehaztu du ohiko irabaziak hartuko direla kontuan, aparteko irabaziak alde batera utziz. Lan baldintzak aldatzeko ere irizpide horiek erabiliko dira, bi hiruhilekoko tartearekin.
Absentismoari dagokionez, langile batek bi hilabetean jarraian lanaldiaren %20an huts eginez gero, gutxieneko kalte ordainarekin kaleratzeko aukera ematen du erreformak, nahiz eta lanera ez joandako egunak arrazoituta egon. PPren zuzenketa batek dio gaixotasun larriren bat edo minbiziaren aurkako tratamenduren bat badago tartean, ezingo dela aplikatu neurria.
Herenegun 20:00etan amaitu zen zuzenketak erregistratzeko epea. PPk, ordea, minutu bat beranduago aurkeztu zituen. Hala, Diputatuen Kongresuko mahaiari dagokio onartzen dituen edo ez erabakitzea.
Diru sarreren konparaketa aurreko urtearekin egin nahi du PPk
Lan erreformari 40 zuzenketa aurkeztu dizkio; aparteko diru sarrerak ez direla kontuan hartu behar dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu