Dibertsifikatuagoa, egonkorragoa eta aldez aurretik igartzeko errazagoa. BRICen iritziz, hiru ezaugarri horiek eduki behar ditu diru sistemak. Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinakosatzen dute taldea, eta atzo, aurreneko bilera formala egin zuten Yekaterimburgon (Errusia). Besteak beste, garapen bidean diren herrialdeek erabakietan garrantzi handiagoa izan behar dutela eskatu zuten.
Azken asteotan, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak maiz aipatu du dolarretik apartatzearen beharra bi herrialderen arteko merkataritza tratuetan. BRICen bileraren aurretik, Dmitri Mednevev Errusiako presidenteak ere diru erreserba berrien alde hitz egin zuen. «Gaur egungo erreserbek, batez ere haietan nagusi den dolarrak, ez dute beren funtzioa bete».
Hala ere, espero zenaren kontra, bilera ostean adostutako dokumentuan aipamen zuzenik ez zioten egin dolarrari, seguru asko Txinak ez duelako Brasilen eta Errusiaren iritzia partekatzen. Izan ere, hark bere diru erreserbetako asko dolarretan ditu.
Kontrol gehiago
Dokumentuaren arabera, munduko finantza eta ekonomia arkitektura erreformatzeko, arriskuen kudeaketarako mekanismoak sendotuta egin behar dira. Era berean, ikuskatzeek gogorragoak izan behar dute, «burtsetako ikarak saihestu ahal izateko».
Lau herrialdeak bat etorri ziren garatutako herrialdeei hainbat eskaera egiteko orduan. Alde batetik, euren diru sarreren %0,7 garapen bidean direnei emateko duten «obligazioa» betetzeko eskatu zieten; bestetik, zorra ordaintzeko epeak «malgutzeko». Bestalde, nekazaritza produktuei dagokienez, merkataritza «justu eta arrazionalagoaren» beharra nabarmendu zuten.
Bileraren ostean, «historikoa» izan zela esan zuen Mednevevek. Haren arabera, etorkizunean krisiaren aurrean hartu beharreko neurriak «koordinatzeko» akordio erdietsi zuten. Eta hurrengo hitzorduetako tokia ere finkatu zuten. Brasilen izango da, datorren urtean.
Diru sistema «dibertsifikatuagoa» eskatu du BRICek
Garapen bidean diren herrialdeek erabakietan garrantzi handiagoa izan behar dutela uste du taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu