Zenbat da galdetu eta erantzuna mila eurotik gorakoa denean, jada ez du balioko diru zorrotik billete sorta atera eta esandakoa pagatzeak. Espainiako Gobernuak eskudirutan egindako ordainketak mugatu egingo dituela iragarri zuen Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeakabendu amaieran. Italia, Grezia eta Frantzia ekarri zituen gogora, haietan ere neurri hori indarrean dagoela esanez. Ez zuen zehaztu zein kopurutan jarriko duten goiko langa. Gesthak, ogasuneko teknikariak biltzen dituen sindikatuak, ordea, egin du proposamena. Italia eta Grezia adibidetzat hartuta, mila eurotik gorako ordainketak debekatu behar liratekeela uste du, bi herrialde horietan ere maximo hori baitute.
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian 3.000 eurokoa da muga, partikularren eta herrialdeko konpainien artean, eta 15.000 eurokoa, enpresaren egoitza soziala atzerrian dagoenean. Hortik gorako eragiketak finantza erakundeen bidez egin behar dira. Soldatak eskudirutan ordaintzea posible da 1.500 euroz azpikoak direnean. Arau-haustearen tamainaren araberakoa izaten da zigorra, bainainoiz ez mugaz gora ordaindutakoaren %5 baino gehiago. Bi salbuespen daude: bankuko konturik ez dutenek nahi adina pagatu dezakete eskudirutan eta gobernuak eta administrazio publikoek eskubidea dute nahi duten ordainketa eredua hautatzeko.
Gesthari egokia iruditu zaio Espainiako Gobernuak jarri asmo duen neurria, ezkutuko ekonomiari aurre egiten lagunduko duelako. Sindikatuak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan %20tik gorakoa da ekonomia beltza. Dirutan esanda, 17.136 milioi euro daude ezkutuan. Ehunekoa hamar puntu jaitsiko balitz, urtean 3.161 milioi euro gehiago jasoko lituzkete lau ogasunek. Europako batez bestekoak nabarmen apalagoak dira. Grezian, Italian eta Espainian soilik da handiagoa ezkutuko ekonomia. «Frantzian 3.000 eurotik gorako eskudiruzko ordainketak daude debekatuta, baina Frantziako ezkutuko ekonomiaren tasa %11,7 da, Espainiakoaren erdia. Tasa handia bada, kontrolak ere zorrotza izan behar du», esan du Jose Maria Mollinedo Gesthako idazkari nagusiak.
Visa erakundeak egindako ikerketa bat ere saiatu da ezkutuko ekonomia eta finantza erakundeen bidez egindako ordainketak erlazionatzen. Austria eta Polonia konparatu ditu. Lehenean, herritar bakoitzak urtero 250 transakzio elektroniko egiten dituela adierazi du, eta ezkutuko ekonomiaren tasa %8koa dela. Polonian, aldiz, transakzioak 50era ez direla iristen kontatu du, eta ezkutuko ekonomiaren maila %25ekoa dela —noski, Visari komeni zaio halako datuak ematea, txartel bidezko eragiketen menpe dagoelako haren negozia—.
Itzalpeko ekonomia kontrolatzeko ez ezik, legez kanpoko jardueretan ari diren pertsonen berri izateko ere balioko duela neurriak dio Mollinedok. «Hainbat udaletako ustelkeria kasuetan nahizdroga trafikoaren aurkako sarekadetan diru kantitate handiak aurkitu dira maiz».
Espainiako Gobernuak proposatutako neurriarekin ados dago Gipuzkoako Diputazioa ere. «Gaur egun ez dago inongo mugarik, eta kantitate handiak ordaindu daitezke eskudirutan Ogasunari jakinarazi gabe. Horrek iruzurrerako aukera ematen du: alde batetik, diru beltza erabil daiteke salerosketetarako; bestetik, jarduera batzuetan eskudirutan jasotako diru guztia ez da aitortzen». Txartelekin egindako ordainketek bai, horiek badute muga: 3.000 eurotik gorako kasuetan Ogasunari eragiketaren berri eman behar zaio, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian. «Iruzurra egiteko zenbat eta zirrikitugehiago itxi, gizarteak onura gehiago izango ditu», azaldu du Gipuzkoako Ogasun Sailak.
Muga errespetatzen dela nola kontrolatuko den galdetuta, eragiketa arrazoitzen duen agiririk ez badago, mila eurotik gorako gastuak ez dituela onartuko esan du Ogasun Sailak. «Txanponek eta diru billeteek ez dute arrastorik uzten, beste era batzuetara egindako eragiketek bai, eta haiekin iruzur egitea zailagoa da».
Mollinedok enpresen kasua aipatu du bereziki. «Eskudirutan ordaintzen badute, eta ordainketa baimendutakoa baino handiagoa bada, gero ezingo dute BEZean, errenta zergan edo sozietate zergan kenkaririk eskatu. Hori aski arrazoi da enpresek legea betetzeko». Gesthako idazkari nagusiaren esanetan, zerga iruzurra egiteko ohiko tresnak dira faktura faltsuak. «Irabaziak txikiagoak izan direla arrazoitzeko, egin ez dituzten gastuen fakturak aurkezten dituzte, eta ordainketak eskudirutan egin direla esan, ez dutelako arrastorik uzten».
«Ekonomia bankarizatzea»
Dena den, guztiak ez dira neurri horren aldekoak. Espainiako Gobernuaren proposamenaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duenik ere badago. «Dirua zuritu nahi duenak ez du milaka euroka zuritzen», dio Marisa Graciak, Ausbanc bankuen erabiltzaileen elkarteko EAEko arduradunak. Publizitate neurri hutsa iruditu zaio planteatutakoa, eta iruzurrari aurre egin nahi bazaio ondare handiak kontrolatu behar direla azaldu du. Gesthak proposatutako mila euroak oso gutxi direla dio. «Dentistarengana joaten zarenean edo ordenagailu bat erosten duzunean, zergatik ezin duzu, bada, eskura ordaindu?».
Merkatariei ere ez zaiegustatu eskudiruzko ordainketei langa jartzeko proposamena. Neurria indarrean jarriz gero, txartelarekin egindako eragiketa kopurua igo egingo da, eta horrek kalte egingo die ekonomikoki. Izan ere, komisioak ordaindu behar izaten dituzte, txartelarekin egindako eragiketa bakoitzagatik nahiz saltokiko terminala edukitzeagatik.
Ez dago komisio finkorik, erakunde bakoitzaren arabera aldatzen da kobratutako ehunekoa. Espainiako Bankuaren estatistiken arabera, batez beste, %0,66ko tasa ordaintzen du txikizkako sektoreak. Hau da, ehun euroko erosketa bakoitzeko 66 zentimo bankuarentzat izaten dira. «Ekonomia bankarizatuko dute, eta berriro ere bitartekariei,saltokiei, egingo diete kalte», adierazi du Elisabet Azkarate Nafarroako Merkataritza Federazioko kudeatzaileak. Espainiako merkatari elkarteek eskaera zuzena egin diote gobernuari: ordainketak mugatuz gero, finantza erakundeei komisioak kobratzea debekatzeko.
Eskudiruzko ordainketak
Dirua arrastoan sartu nahian
Ezkutuko ekonomia azaleratzen laguntzeko, diruak aztarnak uztea nahi du Espainiako Gobernuak. Grezia, Italia eta Frantziako adibideak hartuta, eskudiruzko ordainketei muga jartzea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu