Dirua bai, azalpenik ez

PPk baztertu egin du Kongresuak Bankiaren porrotari eta erantzukizunei buruzko ikerketa batzorde bat sortzeaFernandez Ordoñezek hilabete lehenago utziko du Espainiako Bankuko kargua

jakes goikoetxea
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
BFA-Bankiaren erreskatea eta goi kargudun izandakoen ordainsariak finantza erakundearen porrotari buruz emandako azalpenekiko alderantziz proportzionalak dira. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak herenegun ez zuen ezer argitu. Espainiako Gobernuak eta PPk ez dute nahi bankuko arduradunek azalpenik ematea, eta aukera guztiak oztopatzen ari dira. PSOEk ez du ikerketa batzordearen alde egin. Eta, hala, BFA-Bankiak 23.000 milioi euro jasoko ditu, eta Aurelio Izquierdo negozio zuzendari ohiak ia hamalau milioi euro jasotzeko eskubidea dauka.

IU, ICV eta CHA alderdiek Bankiaren kudeaketari eta nazionalizazioari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea nahi dute Kongresuan. Gaia Kongresuaren osoko bilkuran eztabaidatzeko eskatu zuten atzo, Bozeramaileen Batzordean. PPk gehiengo osoa dauka, eta proposamena atzera bota zuen. Hilabetean hirugarren aldiz egin du.

Ez da azkena izango. IUk, ICVk eta CHAk ikerketa batzordea sortzeari buruzko mozio bat aurkeztuko baitute. Bi aste barru bozkatuko da Kongresuan. PPren jarrera agerian geratzea nahi dute, Bankiaren porrota eragin dutenak «babesten ari direla dirudielako».

PPk jarrera garbi dauka. PSOEk, ez. PSOEko zuzendaritzak aurrena Kongresuko Ekonomia Batzordean aztertu nahi du gaia. Batzorde itxia da. PSOEko zenbait ordezkarik, baina, zuzendaritzari eskatu diote ikerketa batzorde bat eska dezala. Ikerketa batzordea nahi dute, besteak beste, Carme Chaconek, Odon Elorzak, Cristina Narbonak eta Tomas Gomezek.

Bankiako arduradunez gain, Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak ere azalpenak ematea nahi dute alderdiek. PPk, ez. Ez behintzat jendaurrean. Gobernadoreak Kongresuan hitz egin nahi zuela esan zion Espainiako Gobernuari, baina ezetz erantzun dio. Hitz egitekotan, Fernandez Ordoñezek FROB funtsa kontrolatzeko azpibatzordean hitz egitea nahi zuen PPk, oraindik zehaztu gabeko egun batean. Batzorde itxiak dira.

Espainiako Bankuko gobernadoreak, baina, atzo iragarri zuen kargua utziko duela ekainaren 10ean, agintaldia amaitubaino hilabete lehenago. Erabakia iragarri aurretik, Raxoirekin bildu zen. Azalpen ofizialaren arabera, Fernandez Ordoñezek agurra aurreratu du, ekainaren 11tik aurrera finantza sistemari buruz hartubehar diren erabaki garrantzitsuak gobernadore berriak har ditzan: finantza erakundeen kontuen ikuskatzeak...

Balantzea, datorren astean

Beraz, litekeena da Bankiari buruzko azalpenak gobernadore berriak ematea, PPk izendatuak, ekainaren 11n hasiko baita lanean. Fernandez Ordoñezek hitz egiteko aukera bat izan dezake, datorren astean, erakundearen iazko balantzea aurkezten duenean.

Fernandez Ordoñezek krisi garaian egindako lanak kritika ugari jaso ditu. Atzo ere bai. Finantza erakundeen sendotasuna babestu izan du, baina gero ikusi da finantza erakundeetako asko esandakoa baino askoz ere okerrago daudela. Espainiako Bankuari dagokio sistema gainbegiratzea, baina itsu, mutu eta gor egotea leporatu izan diote.

PPk ez du Fernandez Ordoñezen agerraldirik nahi. Adierazgarria da BFA-Bankiaren krisia lehertu eta nazionalizazio prozesua hasi eta gero hitzik egin ez izana. PSOErekin tirabira ugari izan zituen, gobernuaren politika ekonomikoari egindako kritikengatik; orain, PPk bazterrean utzi du. Alfonso Alonso Kongresuko PPren bozeramailearentzat, Fernandez Ordoñezek Bankiaren porrotari buruzko azalpenak emateak «kontrako eragina» izan dezake, «gatazka politikoa areagotuko baitu».

Oraingoz gatazka politikoa ez, baina eskandalua eragin dute BFA Banco Financiero y de Ahorros osatzen duten zazpi aurrezki kutxetako goi kargudunen ordainsariek. Taldearen sozietate nagusia da BFA. Aurelio Izquierdo BFAko negozio zuzendari ohiak eta Bancajako finantza zuzendariak ia hamalau milioi euro jaso ahal izango ditu Bancaja uzten duenean: 7,63 milioi euro erretiroa hartzeagatik, hiltzeagatik edo elbarritasunagatik eta 6,28 milioi euro erretiro aurreratua hartzen badu. Valentzia, Castello eta Alacanteko kutxa da Bancaja. Matias Amat Caja Madrideko zuzendari nagusi ohiak 6,16 milioi euro kobratu zituen iaz, erretiro aurreratua hartu zuenean, enplegua erregulatzeko dosier baten bitartez.

Izquierdo BFAko negozio zuzendaria izan zen. Iazko urrian utzi zuen BFA, Valentziako bankuko zuzendari izateko. Baina Espainiako Gobernuak esku hartu zuen Valentziako bankuan, eta Izquierdo Bancajara itzuli zen. Erakundeko finantza zuzendaria da.

Izquierdok Bancajarekin hitzartu zuen kalte-ordaina, baina ez dago argi kobratuko duen, BFA-Bankia Espainiaren esku geratzen denean Bancaja fundazio bihur baitaiteke. BFA-Bankiak esan du dirua ez duela berak ordainduko, Bancajak baizik, eta ez dela erreskateko diru publikorik erabiliko kalte-ordaina ordaintzeko.

BFAko administrazio kontseiluko kideek eta zortzi zuzendarik 21,7 milioi euro kobratu zituzten iaz soldatetan. BFAk 3.318 milioi euroren galerak izan zituen.

Arrisku saria, 500etik gora

Raxoik herenegun esan zuen Bankiaren hondamendiak ez duela eraginik Espainiaren arrisku sarian. Bai, ordea, nonbait, Athleticeko eta Bartzelonako zaleek Espainiako ereserkiari egindako txistuek Espainiako Koparen finalean.

Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak atzo esan zuen txistualdia «oso txarra» dela, Espainiaren izaera ahultzen dutelako «ekaitz perfektua» gertatzen ari denean: «Ez dut esango arrisku sariak eta ereserkiaren txistuek lotura zuzena dutenik, baina merkatuek usaindu egiten dute nazioen ahultasuna».

Atzo, Espainiako Kopako finala jokatu eta hiru egunera, Espainiaren arrisku sariak gora egin zuen berriro: 515 puntura iritsi zen. Eguna 509 puntutan amaitu zuen. Bankiako akzioek balioaren %16,25 galdu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.