Arrantza. Hegalaburra

Dirua eta kontraesanak

Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek urteak daramatzate Mediterraneoko hegalabur arrantzaren gehiegikeriak salatzen, baina hango enpresa indartsuenari saldu diote hegalabur kuotaren %70.

Hegalaburrak, gizentze kaiola baten barruan, Maltan. KEITH ELLENBOGEN / OCEANA.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleentzat errentagarriagoa da hegalaburra ez arrantzatzea, arrantzatzea baino. Hegalabur kuotaren %70 saltzea erabaki dute, askoz ere diru gehiago lortuko baitute kuota salduta, hegalaburra arrantzatu eta arrain merkatuan salduta baino. Dirua lortuko dute, baina erabakiak agerian utzi ditu arrantzaleen kontraesanak.

Arrantzaleen ordezkariek nabarmendu dute salbuespena dela, aurten kuota saltzeak ez duela esan nahi datorren urtean ere salduko dutenik. 2013an, eskaintzarik jasotzen badute, berriro erabaki beharko dute.

Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantzaleek ezohiko erabakia hartu dute: harrapa dezaketen hegalabur kopuruaren %70 saldu diote Murtziako Ricardo Fuentes e Hijos multinazionalari (Espainia), Mediterraneoko hegalaburraren salerosle handienari, arrantza industrialaren ereduari. Kiloko 10,25 euro ordainduko dizkie arrantzaleei. Iaz, batez beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek 6,75 euro lortu zituzten, hiru euro eta erdi gutxiago.

Gainera, dena izango da irabazia, arrantzaleek ez baitute gasturik egin beharko: gasolioa, beita... 41 itsasontziek —Gipuzkoako 36 eta Bizkaiko bost— 3,25 milioi euro inguru jasoko dituzte guztira, 80.000 euro ontzi bakoitzak.

460 tonako kuotaren 320 tona saldu dituzte. Gainerako 140 tonak arrantzatu egingo dituzte, azken urteetan hegalaburra komertzializatzeko egindako urratsak bat-batean ez eteteko. Berez, ontzi bakoitzak 11.200 kilo hegalabur arrantza zitzakeen; kuotaren %70 salduta, 3.360 kilo harrapatu ahal izango ditu.

Ezohiko erabakia da Euskal Herrian. Ez Bizkaiko Golkoan. Kantabriako arrantzaleek (Espainia) duela hiru urtetik saltzen dute hegalaburraren kuota. Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek hiru eskaintza jaso dituzte kuota erosteko: Ricardo Fuentesena, Tarragonako Balfegorena (Herrialde Katalanak) eta Andaluziako zenbait atuneta enpresarena (Espainia).

Kantaurikoa Mediterraneoan

Bizkaiko Golkoan hegalaburra arrantzatzeko eskubidearen zati bat saldu dute, baina Murtziako enpresak Mediterraneoan harrapatuko du hegalaburra. Orain beharrezko agiri guztiak betetzen ari dira, Espainiako Gobernuak erabakia onartzeko.

Ricardo Fuentes e Hijos enpresak ingurasareekin hegalaburra bizirik harrapatu, gizentzeko kaioletara eraman, gizendu eta Japonian saltzen du. Kuotaren %70 erosi du, merkatuko prezioa baino garestiago; hegalaburra harrapatzen eta gizentzen dirua gastatuko du; eta, hala ere, negozioa egingo du, hegalabur kiloa 30-40 eurotan saltzen baitu Japonian. Mozkinen tartea izugarria da.

Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek urteak daramatzate Mediterraneoko diruaren txin-txin hotsaren tentazioari aurre egiten. Aurten amore eman dute. Aurreko urteetan sei euro inguru eskaintzen zizkieten kilo bakoitzeko, arrantzaleek batez beste arrain merkatuetan lortzen zuten prezioaren parekoa. Aurten, ordea, 10,25 euro eskaini dizkiete.

Arrantzaleek asko eztabaidatu dute. Eztabaida «beroak» izan dira. Azkenean, onartu egin dute. «Sekulako eskaintza» da, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen arabera.

Erabakia zuritzeko, prezioaz gain, arrantzaleen momentuko egoera kaskarra ere aipatu du: berdelaren kuota astebetean agortu dute (2010eko gehiegikeriengatik kuota asko txikitu diete); apirilean antxoa gutxi harrapatu dute; eta gasolioa oso garestia da.Gasolioa asko garestitu zen iaz, eta aurten %20 gehiago ordaindu behar dute, 0,73 euro inguru litroa. Gasolioaren prezioak urduritasuna eragin die.

Arrantzaleen erabakia «pragmatikoa» dela uste du Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak. «Egoera latza, ia eutsiezina dela-eta» «bihotza» albo batera utzi dutela eta epe laburreko premiak aintzat hartu dituztela dio, «eskainitako diruarekin datozen bi hilabeteak lasaiago pasatzeko». Hegalaburraren arrantzarekin lortutako dirua urteko diru sarreren %7 inguru da baxurako arrantzaleentzat. Hegaluzea eta antxoa dira arrantzaldi errentagarrienak.

Erabakiak kontraesanak ditu. Kalte egin dio arrantzaleen sinesgarritasunari. Beti babestu dute arrantza egiteko modu tradizionala eta iraunkorra, baina orain arrantzatzeari uko egin diote eta dagokien kuotaren zati handiena saldu egin dute.

Horrez gain, behin eta berriro salatu dute beraiek ere ordaintzen dituztela Mediterraneoan hegalaburraren arrantzan egindako gehiegikeriak. Gehiegikeriei aurre egiteko kuota murrizketak ezartzen dizkiete, hegalaburra arrantzatzeko modu tradizionala eta iraunkorra erabiltzen badute ere: kanaberarekin banan-banan harrapatzen dituzte, beita bizia erabiliz. Orain, ordea, kuotaren %70 Murtziako enpresa bati saldu diote, Bizkaiko Golkoan arrantzatuko ez den hegalaburra Mediterraneoan arrantzatzeko. Hainbat talde ekologistak salatu dute Ricardo Fuentes e Hijos dela hegalaburraren gehiegizko arrantzaren erantzule nagusia.

Oraina eta etorkizuna

Eguzki talde ekologistak, hain zuzen, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleei leporatu die «epe motzeko interes ekonomikoen izenean» Mediterraneoko ingurasareko arrantza indartu dutela, «hegalaburra galtzeko arriskuan jarri duen sistema».

Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleak oso haserre daude Espainiako Gobernuak 2008an hegalaburraren kuotaren banaketa berria egin zuenetik. 41 itsasontzi izanda, kuotaren %52 dagokiela uste dute, baina %22 eman zien; Mediterraneoko bi enpresari —sei itsasontzi—, berriz, kuotaren %30 eman zien. Enpresa horietako bat da Ricardo Fuentesena. Atuneta enpresek kuotaren %26 daukate.

Gainera, kuotaren %22 hori gero eta txikiagoa da. ICCATek kuotak %20 murriztu zituen 2009an, eta %40 2010ean. Duela lau urte Elduaienen itsasontziak 180.000 kilo hegalabur arrantza zitzakeen; gaur egun 11.200, «kondarra baino ez».ICCAT Atlantikoko Atunak Babesteko Nazioarteko Batzordeak ezartzen ditu gehienez arrantza daitezkeen kopuruak. Gero, herrialde bakoitzak dagokion zatia banatzen du. BERRIA harremanetan jarri da ICCATekin, baina ez du iritzia eman nahi izan kuota saltzeaz.

Arrantzaleak kexu dira, erakundeek, agintariek eta ekologistek aitortzen dietelako berena dela hegalaburra arrantzatzeko modu iraunkorrena, baina aitorpen horrek ez duelako islarik arrantza dezaketen hegalabur kopuruan. Auzitara ere jo zuten banaketa horren kontra.

Espainiako Gobernuari kuotaren zati handiena enpresa eta ontzi gutxi batzuei ematea leporatu diete, baina orain enpresa horietako bati saldu diote kuotaren %70. «Gure aurkariari saldu dizkiogu arrantza eskubideak», onartu du Elduaienek. «Handienek dauzkate indarra eta dirua, eta haiek irabazten dute».

Atuneten eskaintzari ezezkoa

Hain aurkari ez direnei, berengandik gertuago daudenei, saltzeko aukera ere bazuten: hegalaburra harrapatzeko bide iraunkorragoak erabiltzen dituzten Andaluziako atunetei. Atuneta enpresek berdindu egin zuten Ricardo Fuentesen eskaintza. Arrantzaleek, baina, Ricardo Fuentesen alde egin zuten batzarrean, gainerakoek baino azkarrago ordainduko duelako.

Elduaienek zehaztu du atuneta enpresak gizentze kaiolen negozioan sartzen ari direla, dirua hor dagoela ikusi dutelako. «Lehen salatzen zuten kaiolek Mediterraneoa suntsitu dutela, baina orain ikusten dute kaiolarik gabe ez dutela iraungo», dio. Ricardo Fuentes Barbateko atuneta enpresako bazkideetako bat da, eta erositako kuotaren zati bat eman dio.

Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak uste du kuota saltzea «okerra»dela, eta kuota handiagoa eskatzen jarraitzeko «arrantzan jarraitu behar dutela». Erabakia datozen urteetarako «zama» izango dela dio.

Ikusteko dago kuota saltzeko erabakiak zer-nolako eragina izango duen etorkizunean kuotak banatzeko orduan. Arrantzaleek hegalabur kuota handiagoa eskatzen jarraituko dute hegalaburrari buruzko topagune eta erabakitzeko gune guztietan. Helburua kuota saltzea izatea lepora diezaiekete. Elduaienek badaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.