Dirua itzultzen ez dutenak nazionalizatu egingo ditu

Espainiako erakundeek %10eko interesarekin eta bost urteko epean itzuli beharko dituzte laguntza publikoak

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako finantza erakundeek %10eko interesarekin eta gehienez bost urteko epean itzuli beharko dituzte eraikuntza maileguak estaltzeko diru laguntzak. Bestela, maileguak parte-hartze akzio bihurtu, eta estatuaren esku geratuko dira erakundeak, Bankiari gertatu zaion bezala. Halaxe dio herenegun iragarritako finantza erreforma jasotzen duen errege dekretuak; atzo argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean.

Mailegua itzultzeko epea pasatuta, estatuak, FROB banku sistema modu ordenatuan berregituratzeko funtsaren bitartez, sei hilabete izango ditu zorra ordaindu ez duen erakundearen kontrola bere gain hartzeko. Baina ez du derrigorrez bost urteak pasatzeko zain egon beharko. Espainiako Bankuak uste badu erakunde batek ez duela mailegua garaiz itzultzeko modurik, epea bukatu baino lehen hasi ahal izango du diru publikoa parte-hartze akzio bilakatzeko prozedura.

Gainera, errege dekretu horren arabera, Espainiako Bankuak ahalmena izango du maileguak ordaindu ezinik geratu diren erakundeen administrazio eta zuzendaritza organoak behin-behinean boteretik kendu eta bere gustuko beste batzuekin ordezkatzeko.

Finantza erakundeei irabazietatik 54.000 milioi euro bereizteko eskatu eta hiru hilabete eskasera, herenegun, beste 30.000 milioi euro gordetzeko eskatu zien Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak. Orduan, etxegintzarekin lotutako zalantzazko aktiboak (lurzoruak, eraikitzen ari diren etxebizitzak eta jada eraikita daudenak) estaltzera behartu zituen; oraingoan, berriz, egoera onean omen dauden aktiboak estaltzera. Aurretik, aktibo horien %7 adinako diru hornitu behar zuten, eta, oraingoan, batez beste %30 hornitu beharko dute.

Sektoreko adituen arabera, Bankiak, zeina estatuak nazionalizatuduen, beharko du dirurik gehien—4.524 milioi euro—, eta Bankinterrek gutxien, oso eraikuntza mailegu gutxi eman dituelako —186 milioi—. Hiru handienek, berriz —Santander, BBVA eta Caixabank—, beren kabuz eta diru publikoaren beharrik gabe aurre egin ahal izango ei diete kapital betebehar berriei. Kutxabankek ia 570 milioi euro jarri beharko ditu azken eskaera betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.