Makroekonomia

Diruaren prezioa %0ra jaitsi du EBZk

80.000 milioi eurora igoko du hilero erosten duen zor publikoa, eta bankuei kobratzen dien tasa %0,4 izango da.

EBZ Europako Banku Zentralaren egoitza, Frankfurten (Alemania). BORIS ROESSLER / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko martxoaren 10a
07:27
Entzun

EBZ Europako Banku Zentraleko kontseilua bilduta dago gaur, Frankfurteko (Alemanian) egoitzan. Deflazio arriskuari aurre egin eta ekonomia suspertzeko hainbat neurri hartuko zituela espero zen, eta jadanik jakinarazi ditu horietako batzuk.

Diruaren prezio ofiziala %0 izango da. Jaitsiera sinbolikoa da —%0,05 zen orain arte—, baina banku zentralaren borondatea adierazten du. Apirilaren 16an jarriko da indarrean tasa berria. Diruak inoiz izan duen interes tasarik txikiena da Europan.

Horrekin batera, dirua EBZren kutxetan uzteagatik finantza erakundeei kobratzen dien tasa igotzea erabaki du, diru hori familiei eta enpresei maileguak emateko erabil dezaten behartzeko. Oinarrizko hamar puntu gehiago izango dira, hots, -%0,3 zena -%0,4 izango da. Hori bai, ekainetik aurrera, maileguak emateko luzera begirako finantzaketa eskainiko die bankuei, tasa negatiboetan. Horrela, gordailuak aparkatuta uzteagatik kobratzen dienaren parte bat konpentsatu nahi die. Alegia, kreditua ematea sarituko du, dirua geldirik egotea zigortzen duen modu berean. "Ekonomia errealari diru gehiago mailegatzen dioten bankuek gehiago baliatu ahal izango dute finantzaketa, eta gutxiago beste zereginetan aritzen direnak", azaldu du Mario Draghi EBZko buruak, Frankfurten egindako agerraldian.

Halaber, aktiboak erosteko programa zabalduko duela iragarri du EBZk. Orain arte, hilero, 60.000 milioi euro sartzen zizkion ekonomiari; batez ere, herrialdeetako zor publikoa erosita. Kopuru hori 80.000 milioi izango da apiriletik aurrera. Hots, %33 handituko du ekarpena, eta bankuak ez diren konpainiek jaulkitako bonuak ere erosi ahalko ditu. 2017ko martxora arte luzatu du QE programa, baina "beharrezkoa bada" gehiago luzatuko dutela berretsi du Draghik.

Inflazio eta BPG aurreikuspenek, behera

Otsaileko inflazioa negatiboa izan zen eurogunean, -%0,2. Epe ertainera begira inflazioa %2ren azpitik baina hurbil egotea da EBZk legez duen mandatua. Aurten inflazioa %0,1eraino soilik igoko dela aitortu du Draghik. Hau da, orain arteko politikak ezer gutxi egin duela prezioak igotzeko. Abenduan, %1eko inflazioa espero zuen aurtengorako. Neurri berriekin "epe erdian" inflazio helburuetara iritsiko diren itxaropena azaldu du EBZko buruak, eta hori egin bitartean ez dutela etsiko gaineratu du. "Beste aukera, deflazioa da", erantzun dio diru politikaren norabidea auzitan jarri duen kazetari bati.

Munduko ekonomiaren moteltzeak euroguneari kalte egingo diola onartu du EBZk, eta okertu egin ditu abenduan egin zituen iragarpenak. Horien arabera, aurten euroguneko barne produktu gordina %1,4 soilik haziko da, duela hilabete iragarritakoa baino 0,3 puntu gutxiago. Hurrengo urteotarako iragarpenek, berriz, ez dute aldaketarik izan: %1,7 2017an eta %1,8 2018an.

EBZren erabakiek ez dituzte, ordea, denak gogobete. Alemaniako bankuen patronalak ziurtatu du neurriak ez direla beharrezkoak. Azken egunotan bankuek presio egin diote EBZri ez dezan bere diru politika gehiago zabaldu, interes tasa negatiboekin irabaziak izateko zailtasunak dituztelakoan. Aurrezkiari tasa negatiboak ezarri izana "oso ondorio onak" izan dituela erantzun die Draghik, maileguen kopurua handitu duelako, eta indarrean jarri duen sistema berriarekin maileguak ematen dituztenek irabaziak egiteko aukera dutela nabarmendu du.

Tasak gehiago jaistea ez dela beharrezkoa izango gaineratu du, baina egoera aldatzen bada, EBZren politika ere aldatuko dela ohartarazi du.

Burtsek igoera handiekin hartu dute EBZren iragarpena, baina Draghik azalpenak ematearekin batera jaisten hasi dira. Kontrako bidea hartu du euroak: 1,10etik ia 1,08ra jaitsi da, baina gero 1,11ra egin du salto, Draghik esan duenean ez dutela tasak gehiago jaisteko asmorik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.