Kolaborazio publiko-pribatuaren gorazarrea bihurtu da gaur goizean Viralgenen planta berriaren inaugurazioa. Erakundeen eta ekimen pribatuaren elkarlanaren "emaitza" da gene terapiaren esparruko ernpresak Miramon Parke Teknologikoan martxan duen planta, Jude Samulski Asklepios BioPharmaceuticaleko (AskBio) fundatzaile eta presidentearen iritzian. Geneetan eraginez gaitzetan eragiteko goi teknologiaren aitzindarietako bat da Samulski, eta harekin bat dator Stefan Oelrich, Bayer multinazionaleko goi agintaria.
Biak ala biak egon dira gaur Viralgenen potentzialtasuna azaltzen EAEko agintari gorenen eta enpresa munduko hainbat eragileren aurrean, besteak beste, Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia, Adegiko presidente Eduardo Junkera eta Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinen aurrean. Espainiako Zientzia ministro Pedro Duquek ere eskertu du Bayer multinazionalak Viralgenen egindako inbertsioa, eta, une oro, Gipuzkoa eredu gisa jarri du ikerketa eta garapenaren alorrean.
Viralgen 2016an sortu zuten, eta orain hilabete gutxi, Bayerrek erosi du. AEBetako AskBio ere erosketa prozesu berean bereganatu zuen. AskBiok zuen Viralgenen akzioen %50; izan ere, Jude Samulski ikerlariaren hauspoa funtsezkoa izan du urteotan. 4.000 milioi euroko operazioa izan zen, eta Stefan Oelrich Bayerren goi agintariak berretsi du Viralgenen inbertitzen jarraituko dutela, sinetsita daudelako «erabateko garrantzia» izango duela «mundu osorako». Hizlari guztiek azpimarratu dute erakunduen laguntza eta kolaborazioa, eta Donostia, dagoeneko, terapia genetikoetan munduko erreferentzia dela helarazi dute.
Lehen fasean, 70 milioi euroko inbertsioari esker eraiki dute goi teknologiarekin baizik jarduten ez duen instalazioa. Gaur egun 130 langile ari dira han, betiere ikerkuntzaren alorrean, baina merkatura bideratuta. Guztira, 260ko lantaldea osatuko da inbertsio fase guztiak amaitzean, 120 milioi eurorekin. Jaurlaritzako lehendakari Urkulluk garbi utzi du Europaren aitortza dutela berriro Araba, Bizkai eta Gipuzkoak berrikuntzaren alorrean. «Euskadik berreskuratu du bere posizioa Berrikuntza handiko eskualde gisa. Europako Batzordeak Euskadi azaltzen du gorentasunaren polo gisa berrikuntzan». Urkulluk duela mila egun, Viralgen martxan jarri zenean esandakoa gogoratu du: «Gure helburua da Europako farmazia enpresa handiek lurralde interesgarri gisa jotzea Euskadi». Eta Bayernen apustua aitortzen eta eskertzen duela erantsi du. «Herrialde txikia gara, baina bizi-kalitate handikoa. Inbertitzeko eta bizitzeko herrialde erakargarria gara, eta hori da garrantzitsuena».
Bayer konpaniako goi agintari Stefan Oelrichek esaldi biribila utzi du multinazionalaren asmoen inguruan: «Hemen gaude geratzeko. Konpainiaren matrizatik etorri naiz hau garbi uztera. Viralgen gisako proiektuak dira medikuntzaren geroa». Oelrichek errepikatu du Viralgenek Donostian egiten duena «bakarra» dela munduan. «Laborategitik gaixoetara transferitzen ari dira ezagutza».
Asklepios BioPharmaceuticaleko (AskBio) fundatzaile Jude Samulskik jakinarazi du fibrosi kistikoa duela, haren anaiak ere baduela eta haien aita harekin hil zela. Gaixotasun arraroak ez direla hain arraro azpimarratu du, ehunka milioi pertsona daudela munduan gaitz horiek jota, eta haien bizitza hobetzeko lan egiten dutela Viralgenen, gene terapiaren bidez. Pertsona horiek beren genoman dituzten mutazio horien lekuan DNA zuzena jarri nahian jarduten dutela azaldu du, eta medikuntzak bide horretan potentzialtasun izugarria duela.
Bestalde, Viralgenek rol garrantsitsu bat jokatu du pandemiari aurre egiteko borrokan. Koronabirusaren aurkako txertoa garatzen aritu da. Massachusettseko General Brigham ospitaleak (MGB) eta Harvard Unibertsitateak garatu dute txertoa, eta Donostiako enpresa da Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo txertoa ekoitziko duen enpresa bakarra.