Turismoa

Donostiak turismo zerga ezartzeko asmoa berretsi du

Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du zerga hori arautzeko egitasmoa, eta aldundien eta udalen esku utzi du. Gipuzkoan 2021erako sartu nahi du indarrean. Hotelen elkartea kexu agertu da.

Turista talde bat Donostiako parte zaharrean. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 12a
10:54
Entzun

Turismoaren zerga ezartzeko asmoarekin aurrera jarraituko du Donostiako Udalak. Hala berretsi du Ernesto Gasco Turismo zinegotziak. Herenegun, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen bertan behera utziko duela horri buruz prestatzen ari zen egitasmoa, eta foru aldundien eta udalen esku utzi du zerga hori ezarri ala ez erabakitzea.

2017n abiatu zuen gari buruzko eztabaida Turismo Sailak, eta ordutik eginiko txostenetatik eta erakunde eta eragileekin bileratatik ondorioztatu du "bat egite nahikorik" ez dagoela lege batean ezartzeko halako zerga bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, ordea, aurrera egin nahi dute egitasmoarekin. Batzar Nagusietan aho batez onartu zuten gisa horretako zerga bat ezartzeko lanak hastea; zerga horren bidez 2 milioi euro jasotzea aurreikusten du aldundiak.

Donostiak 2021erako nahi du indarrean neurria, Gascok azaldu duenez. "Donostia Euskadiko turismoaren hiriburua da, eta bisitari kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. Zentzuzkoa da, beste turismo leku batzuetan gertatzen den bezala, zerga bat sortzea, hiriaren beraren onuragarri".



Turismo zinegotziak adierazi duenez, bi bide aztertuko dituzte. Aukera bat izango litzateke udal ordenantza bat egitea, zerga hori turismoan diharduten jarduera guztiei ezartzeko, apartamentu turistikoak barne. Kasu horretan, diru bilketa osoa udalarena izango litzateke. Turismo zinegotziak azaldu duenez, hirian lo egindako gau bakoitzeko euro bat eta bost euro artean ordaindu beharko lukete bisitariek, alokatutako etxearen ala hotelaren kategoriaren arabera.

Udala aztertzen ari den beste aukera da Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatzea zerga hori jasotzea EJZ Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren edo OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren barruan. Kasu horretan, eta betiere Gascok azaldu duenez, diru bilketa ere ez litzateke % 100 udalarena izango eta ez lioke sektorea osoari eragingo; milioi bat euro baino gehiago aitortzen duten enpresek baino ez lukete ordainduko zerga.

Hotelen erantzuna

HAGI Gipuzkoako Hotelen eta Ostatuen Elkarteak udalaren "leialtasun falta" salatu du, komunikabideen bitartez jakin duelako udalaren "erabakiaren" berri. Gaiari buruz hitz egiteko prest dagoela adierazi du, baina oso kritiko azaldu da gisa horretako zerga bat ezartzearekin. Juridikoki zailtasunak ikusten dizkio neurriari. Halaber, elkarteak salatu du zergaren "presio guztia" gaua pasatzen dutenei ezarri nahi diela udalak, eta horiek hiria bisitatzen dutenen %20 direla.

Horrekin batera, kritikatu du udalak ez duela aintzat hartu hotelek eta ostatuek "kalitatezko enplegua" sortzen eta zergen bidez lurraldeari egiten dioten ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.