Sindikatuek lehen, enpresaburuek ondoren eta, azkenean, administrazioak ere aitortu behar izan du krisiak enpleguan izan duen eragina. Hegoaldeko 23.000 langilek baino gehiagok pairatu zuten enplegua erregulatzeko dosierren bat 2008an. Kaleratze kolektiboek, gainera, nabarmen jo dute euskal ekonomiaren sektorerik sendoena. EAEko Lan Agintaritzak onartutako dosierren %84,69 industrian izan ziren, eta 10.835 laguni egin zioten kalte, 2007an baino %352 gehiago. Zerbitzuetan, halaber, %636 igo zen erregulazioren bat jasan zuten beharginen kopurua.
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak 2008koerregulazio planen berri emateko agerraldia egin zuen atzo, Bilbon. Datuak «txarrak» direla esan zuen, eta, okerrera egingo dutela agertu ondoren, «kezkatuta» daudela aitortu zuen. Kaleratze kolektiboek enpleguan izango duten ondorioak ere aurreikusi zituen, langabezia %6 edo %7ra ere heldu daitekeela esanda.
Enplegua erregulatzeko dosier gehienak, %96,2 Hegoaldean, langileen ordezkaritzarekin adostu ondoren aurkeztu zituzten enpresek Nafarroako eta EAEko Lan Agintaritzetara. Azkarragak, horren harira, sindikatuek egindako kritikak «gezurra» direla esan zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoko planen %92k sindikatuen oniritzia izan zutela gogorarazi zien, dosierrak «errazegi onartzen» direla ukatzeko.
Krisialdiaren eraginak, edonola ere, Nafarroako enpleguari egin dio kalterik handiena Hego Euskal Herrian. Espainiako administrazioak onartutako dosierretakoinformazioaren faltan, 8.625 kontratu eten edo hautsi egin zituzten. Hartara, Nafarroan lanean ari ziren mila herritarretik 29,7k pairatu dute erregulazioen eragina. Bizkaian, okupatutako mila langiletik, berriz, 11,26 jo zituzten dosierrek. Gipuzkoan, milatik 13,33 izan ziren, eta Araban 11,26.
Erregulazio planen hazkundea larria izanda ere, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak behin betiko kaleratzeak «gutxiengoa» direla nabarmendu zuen. EAEn onartutako dosierren %88,5, 11.324 langileri eragindakoak, kontratua eteteko izan ziren. Aldiz, behin betiko deuseztatutako lanpostuak 1.470 izan ziren, erregulazioen %11,5. Bestalde, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.600dik gora espediente tramitatu zituen iazko urrira arte.
1.500 langile 15 egunetan
Iazkoak ez ezik Azkarragak EAEn urtarrileko lehen 15 egunetan onartutako erregulazio planen datuak ere zabaldu zituen. Epe horretan, 77 dosier baimendu dituzte, 1.336 langileren kalterako izan direnak. Aurreko urtean bezala, gehienak (%90,5) kontratuak behin-behinean eteteko planak izan dira. Industria izan da, berriz ere, gehien jotakoa, 1.000 langile.
Lan erregulazioak krisialdietan beti igo izan direla gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzako sailburuak atzo. Adibide gisa, 1993ko eta 2003ko krisiak aipatu zituen, duela sei urtekoa «ia oharkabean igaro bagenuen ere». 1993ko krisian, 108.000 langilek baino gehiagok pairatu zuten kaleratze kolektiboren bat, industria sektorearen gainbeheran, hain zuzen ere. Erregulazioak, baina, aurretik hasi ziren. 1991n 66.500 eta 1992an 81.200 langiletik gora kaleratu zituzten. 2008ko erregulazioen kopuruak, berriz, handienak izan dira 1995. urteaz geroztik.
Krisia gainditzeko konfiantza
Lan sailburuak EAEko enpresaburuek krisialdia gainditzeko duten «konfiantza» aipatu zuen: «Une larrian gauden arren krisia gainditzeko egoera hobean gaude inguruko herriak baino». Esan zuen «Espainiakoaren erdia eta Europan baino bi puntu baxuagoa» izango dela langabezia.
Bestalde, UGT Euskadiko idazkari nagusiaren kontra egin zuen erregulazio planen harira. Langabeziarekin «Patxi Lopezen aldeko kanpaina egitea zilegi ez» dela esan zion Damaso Casadori. Sindikalistak krisia probetxatu egiten dutenen ugazaben aurka esandakoari, azkenik, «zientzia fikzioa» egitea leporatu zion: «Espainian oso ondo egiten dutela diote, kaleratutako milioi bat langileekin zer gertatzen den azaldu beharko luke».
Dosierra jasandakoak %352 gehiago dira EAEko industrian
Hegoaldeko 23.000 langilek baino gehiagok pairatu zuten iaz kaleratze kolektiboren bat, 1995. urtetik izan den kopururik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu