Europako Banku Zentralaren kontseiluak bilera egin osteko agerraldia egin du Mario Draghi EBZko presidenteak, eta bertan azaldu du Zipre erreskatatzeko erabiltako formula ez dela eredu izango beste kasu batzuetan. Kasu bakoitza ezberdina dela esan du, eta gaineratu: "Zipre ez da espainia".
Zipreren erreskatea "eredugarria" izan zela adierazi zuen Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko buruak martxoaren 27an, eta haren hitzak zehaztu ditu Draghik; adierazpen horiek "ziurrenik gaizki ulertu ziren", Draghiren esanetan. Bestalde, azaldu duenez, Zipre erreskatatzeko EBZk, Nazioarteko Moneta Funtsak eta Europako Batzordeak aurkeztutako aurreneko proposamenetan ez zen jasotzen gordailuek banketxeen zorra kitatzea.
"Negoziazio luzeen ondoren emaitza ikusitakoa izan zen; bermatutako gordailuei tasa bat", esan du. Aitortu du ez zela "oso erabaki ona" izan eta berehala zuzendu zutela. Gaineratu du arazoa ez dela gordailuen jabeek ordaintzea erreskatea, baizik eta "arau eza" dela arazoa. Arauak lehenbailehen adosteko eskatu die euroguneko herrialdeei.
Bigarren hilabetez jarraian, interes tasak jaisteko beharraz eztabaidatu dute EBZko kontseilariek, baina ez ukitzearen aldeko ”nahiko adostasuna” izan dela jakinarazi du banku zentraleko presidenteak: ”Ekonomiaren ahultzea zabaldu egin da urtearen hasieran”. Ez du hobekuntzarik espero urtearen bigarren erdiraino, baina hor ere arriskuak ikusten ditu. Arriskuen artean barne eskari txikia eta egiturazko erreforma eskasak aipatu ditu.