«Dragoi ehiztaria» filmaren grabaketa abiatu berri da Lezon, baina txerritxo ehiztarienak grabaketa ordu luzeak ditu Bilbon. Atzo, txerritxo txikienen gorabeherak izan ziren nagusi: %2na pasa galdu zuten Arcelorrek, Gamesak, OHLk nahiz Telecincok. Aldiz, %3,49 gizendu zen Mapfre eta %2 Grifols. 2.266 milioiren salerosketa izan zen, eta dragoi izatetik gertuen dauden erraldoiek kopuru horren erdia mugitu zuten. Gainera, Santander (-%1,07) eta Edurnezurik (+%0,74) bide kontrajarriak hartu zituzten, eta, horrelakoetan, gure indizeak ez gatz ez berakatz gelditu ohi dira: Ibex-35ek (-%0,39) 47 puntu galdu zituen. Dragoiak muturtuta eta txerritxoak borrokan. Irabazien mozkinak plazaratzen doaz apurka-apurka , baina ezusteko handirik gabe oraingoz. Eskariaren handitzea edo interes tasen balizko igoera ez da datorren urtera arte espero. Horrek aldakortasuna eta joera garbirik eza eragin dezake aurten gelditzen diren saioetan. Grabatzen.
Nueva Rumasa. Jaki industrian, arrazoi ezberdinengatik, berri iturri izan dira azken aldian Nueva Rumasa eta SOS (-%17,47). Ruiz Mateosen taldeak ordaindukoak jaulki ditu eta CNMVk arriskuaz ohartaraziz ohi baino ohar gehiago plazaratu ditu. SOSek aldiz, euren zuzendari ohien aurkako prozesua bizi du, auzitegietan. Besteak beste Cacaolat, Apis, Fruco edota Elgorriaga marken jabe den Nueva Rumasak Espainiako jaki industriako enpresa nagusia elkarrekin sortzea proposatu dio SOSi. Kotizazioa ikusita, ez dirudi berria ongi liseritu duenik. Sos kontua izango da.
Dragoia vs txerriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu