Laguntzak

DSBE ez, baina bizitzeko gutxieneko diru sarrera jaso dezaketenek ekainaren 15etik aurrera egin dezakete eskaera

Beatriz Artolazabalen arabera, baguntza berriarekin lor zitekeen «aurrezki posiblea» baino, bi laguntzentzako bateragarritasuna, osagarritasuna eta leihatila bakarra lortzea izan dira Eusko Jaurlaritzaren helburuak bi hilabeteko negoziazio «luze eta zailean». Laguntza berriarekin aurreztuko den dirua DSBE zabaltzeko erabiliko dela iradoki du. 

Beatriz Artolazabal sailburua, gaurko prentsaurrekoan. IREKIA
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 29a
13:17
Entzun

Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren etorrera «albiste ona» da Beatriz Artozabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuarentzat, Espainiako desberdintasun sozialen datuak ikusita. DSBEren eredua bermatzaileagoa dela esan du, eta azpimarratu du Espainiako laguntza berriarentzat nolabaiteko eredu izan dela «euskal sistema». Artolazabalen hitzetan, Espainiako bizitzeko gutxieneko diru sarrera 1990an EAEn ezarritako gizarteratzeko diru sarrera da. 

Sailburuak azaldu duenez, errenta berriaren berri hedabideetatik jaso zuen eta hortik jakin zuten lehen asmoa zela laguntza berria osagarria izatea erkidegoetan jada zeuden gutxieneko errentena. «Hori ezinezkoa zen, eta horrela esplikatu genion Escriva ministroari, bizitzeko errentak oinarria izan behar zuela, eta beste errentak osagarriak».

Bi hilabete iraun dute negoziazioek, eta koronabirusaren eraginez, presazkoak izan direla iradoki sailburuak. «Negoziazioa luzea, zaila, diskretua eta leiala» izan dela azaldu du, eta zenbatekoetan eta «aurrezki posiblean» baino, Eusko Jaurlaritzak indarra jarri duela hiru gauza lortzen: laguntza berriaren eta jada existitzen den, «eta ondo funtzionatzen duen» DSBEren arteko bateragarritasuna, osagarritasuna, eta haiek kudeatzeko leihatila bakarra.

Sailburuak ez du zehaztu zenbat diru aurreztuko duen Jaurlaritzak, Gizarte Segurantzatik etorriko den diruaren kontura. Iritzi dio ez dela kalkulu erraza, diru fluxu guztiak hartu beharko direlako kontutan. «Jose Luis Escriva ministroak esan du 3.000 milioi euro izango direla, eta zehaztu egin beharko da hori kupoan zenbat den ere, gero zenbat jasoko dugun onuraduneko...».

Laguntzak jasotzeko

Onuradunek egin beharrekoari buruz, kontutan izan behar da baldintzak eta mugak desberdinak direla bi laguntzentzat. Espainiako Gobernuaren kontura joango den bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko, 23 urtetik gora izan behar da -eta 65 urte baino gutxiago-; nahikoa da urtebetez herrialdean bizilekua izana; eta onuradunaren ondareak ezin du 16.000 euroak gainditu.

Lanbideren DSBE jasotzeko, berriz, 23 urtetik gora izan behar da ere, baina herrialdean gutxienez hiru urteko bizilekua izan behar da, eta beraz, alde horretatik murriztaileagoa da beste laguntza baino. Aldiz, gehieneko ondarearekin eskuzabalagoa da DSBE, muga 30.000 eurotan jartzen baitu.

Gerta daiteke, beraz, pertsona batzuek eskubidea izatea bizitzeko gutxieneko errenta hori jasotzeko eta aldiz DSBE jasotzeko eskubiderik ez izatea -eta hura jasotzen ez egotea-. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko modua izan dezaketela uste duten pertsonek ekainaren 15etik aurrera Lanbidera jo ahal izango dute, laguntzaren eskaera egiteko. Onartzen bazaie, atzerako eragina izango da, eta ekainaren 1etik aurrera dagokiena jasoko dute. 

Espainiako Gizarte Segurantzak hasiera batean, jende ahalik eta gehienari ahalik eta azkarren laguntzeko, bizitzeko gutxieneko diru sarrera eskainiko die gaur egun seme-alabengatiko prestazioa jasotzen duten herritarrei, nolabaiteko translazio automatiko bat eginez. Lanbidek ere horrelako kalkulu bat egingo du.

Bitartean, gaur egun diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dute aparteko tramiterik egin beharko. Lanbide berak, bere datuak erkatuko ditu Gizarte Segurantzatik jasotako datuekin eta egingo ditu kalkuluak ikusteko baterako zein besterako eskubidea duen eta zenbat jasoko duen batetik zein bestetik. Transferentzia gauzatu arte, hori bai, onuradunak bi nomina izango ditu, bat Lanbideren konturakoa eta bestea Espainiako Gizarte Segurantzarena.

Nomina bakarra izaten jarraituko dutenak soilik DSBE jasoko duten pertsonak izango dira, hots, bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko eskubiderik ez duten pentsiodunak eta legezko erresidentziarik ez duten etorkinak. Lanbideren aurreikuspenen arabera, 20.000 lagun izango dira horiek.

Hemendik aurrerakoak

Beatriz Artolazabalek DSBE eta laguntza berria bateratzeko gelditzen diren lanak zerrendatu ditu. Batetik, transferentziaren nondik norakoak zehazteko elkarrizketei ekin beharko die Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza sailak. Bestetik, Ogasun sailak laguntza berriari eta transferentziari dagozkien joan-etorri finantzarioak ere negoziatu beharko ditu. Hain zuzen, EAJko buruek gaur iragarri dute laster dela biltzekoa Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa, tartean gai hauei buruz hitz egiteko. Eta azkenik Gizarte Politiketarako sailak eta Lanbidek Gizarte Segurantzaren datuak landu beharko dituzte, laguntzetarako eskubideak eta zenbatekoak zehazteko.

Dena den, lan mardulago bat ere gelditzen da egiteko. Amaitu den legegintzaldian ez da lortu diru sarrera bermatzeko errenta garai eta behar berrietarako egokitzeko akordiorik. Horren ondorioz, adibidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laguntza sistema oraindik Nafarroakoa baino kamutsagoa da guraso bakarreko zein seme-alaba askoko familiei laguntzeko.

Uztailaren 12ko hauteskundeetatik eratuko den gobernu berriak eta Eusko Legebiltzarrak euren egitekoen zerrenda izango dute erreforma hori, eta gaiak garrantzia berezia hartuko du, koronabirusak ekarritako krisi ekonomikoaren aurrean ahulenak lagundu nahi badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.