DSK aske utzi dute, baina indarrean jarraitzen du bortxaketa akusazioak

Emakumearen sinesgarritasuna auzitan jarri dute, ez sexu erasoaz esandakoagatik, bere bizitzaz gezurretan aritzeagatik baizikDSK sozialisten hautagai izateko aukera berpiztu dute alderdiko zenbait ordezkarik

jakes goikoetxea
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Dominique Strauss-Kahn (DSK) aske utzi du New Yorkeko zigor epaitegi batek, bermerik ordaindu gabe. Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari nagusi ohia etxean atxilotuta egon da orain arte, eta orain aske dago. Hala ere, ezingo du Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) atera, ustez bortxatu zuen emakumeak bortxaketa akusazioari eusten baitio. Hurrengo agerraldia uztailaren 18an izango da, Manhattango zigor epaitegian. Strauss-Kahnen abokatuek uste dute hurrengo erabakia akusazioa eta kasua bertan behera uztea izango dela.

Abokatuak ustez bortxatutako emakumearen sinesgarritasuna auzitan jartzen saiatu dira. Fiskaltzak ere zalantzak ditu, uste baitu emakumeak zenbait gezur esan dituela, baina ustezko gezur ia guztiak bere bizitzari eta ustezko bortxaketaren osteko momentuei dagozkie, ez maiatzaren 14an Sofitel hoteleko 2806 suitean gertatu zenari.

Emakumeak eta Strauss-Kahnek sexu harremanak izan zituzten. Auzitegi medikuaren frogek baieztatu dute. Hala ere, emakumeak behin eta berriro esan du Strauss-Kahnek bortxatu egin zuela; NDFko zuzendari nagusi ohiak, aldiz, biek nahi zutelako izan zutela sexu harremana.

Fiskalaren arabera, emakumeak onartu du ez zela zuzenean bere arduradunarengana joan ustezko bortxaketa gertatu ostean; aldiz, aurrena beste gela bat garbitu zuen eta gero 2806 suitera bueltatu zen, garbitzera, gertatutakoaren berri eman aurretik. Epaileari gezurra esatea leporatzen diote.

Horrez gain, fiskalak dio emakumeak gezurra esan zuen asilo eskaeran: ez zuela sorterritik, Gineatik, hiltzeko arriskua zuelako ihes egin, eta zer esan behar zuen ikasarazi ziotela, asiloa lortu ahal izateko.

Kasua gehiago nahasteko, gehitu dute emakumeak harremana duela drogak edukitzeagatik espetxeratuta gizon batekin; ustez dirua zuritzen zuela, emakumearen aurrezki kontuan 100.000 dolar (69.000 euro) sartu baitzituzten bi urtean; eta hilero ehunka dolar gastatzen zituela telefonoa ordaintzeko.

Aldaketarik ez

Dena den, Kenneth Thompson emakumearen abokatuak gogoratu du ez duela behin ere zehaztasun bakar bat ere aldatu benetan epaitzen ari direnaren bertsioan, «sexu eraso bortitzean».

Michael Obus epaileak onartu du kasuaren ezaugarriak «nabarmen» aldatu direla, eta Strauss-Kahnen atxiloaldiaren baldintzak aldatu egin ditu. Hala ere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi kasua amaitu denik.

Epailearen erabakiak berpiztu egin du Dominique Strauss-Kahnen etorkizun politikoa. Nazioarteko Diru Funtsera ezingo da bueltatu, kargua uztera behartu baitzuten, eta ordezkoa aste honetan bertan izendatu baitute,Christine Lagarde, Frantziako Finantza ministroa.

Baina maiatzean ustezko bortxaketa gertatu aurretik Strauss-Kahn Frantziako sozialisten (PS) balizko hautagaietako bat zen, 2012ko hauteskundeetan Nicolas Sarkozyrekin lehiatzeko.

Benoit Hanon PSko bozeramaileak atzo ez zuen argitu ea New Yorkeko erabakiak alderdiaren hautagaia aukeratzeko prozesua aldatuko duen. Zaila izango da: PSko ordezkariek uztailaren 13rako aurkeztu behar dituzte hautagaitzak, udazkenean lehiatzeko, eta Strauss-Kahnek uztailaren 18an itzuli behar du epaitegira. François Hollande hautagaia prest dago epeak luzatzeko.

PSko zenbait ordezkarik besoak zabalik hartuko lukete Strauss-Kahnen hautagaitza. Jean-Marie Le Guen diputatuaren iritziz, Strauss-Kahnek «betekizun garrantzitsua» izan dezake 2012ko hauteskundeetan.

Jack Lang Kultura ministro ohiarentzatFrantziak Strauss-Kahnen «gaitasuna, talentua eta nazioarteko distira behar ditu, erabakigarria izango litzateke irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.