Dubaik piztu zi(n)an bezperan zalantza, duda eta itzal luze horrek atzo ere iraun zi(n)an. Gaitzerdi, ez baizu(n)an luzatu, askok espero lez. Arabiar ipuinak ipuin, %0,5 irabazita amaitu dink Ibex-35ek (+%1,02) astea eta, gaur gaurkoz, 12.000koa langa garaia dela dirudi. Edo ez. Dow Jonesek atzo liseritu zi(n)an Dubaikoa (bezperako Thanksgiving zela medio) baina, gurean, errebote eguna izan zu(n)an: Ibex-35eko tropelean 30 akziok egin zite(n)an gora eta bostek baino ez behera; %1az azpiko galerekin betiere. Bi banku handienak %1,2na pasa irabaziz atera zitu(n)an errebotetik eta ArcelorMittal (+%4,01) kurrinkariak minaretean gora egin zi(n)an nabarmen. %2na pasa egin zite(n)an gora Abengoa, Popular, OHL eta Telecincok. Arrisku ezak etekin oso txikia zekarrenk, urterako Euriborra %1,23an ibilita. Hortaz, 2009ko azken dibidenduak batu eta datorren urte zailean galdera bistakoa dunk: nork eutsiko zionk? Duda, zalantza hor ere.
Bat-egiteak. Urtea eta denbora agortzen ari dira Espainiako aurrezki kutxen berregituraketarako. Andaluziako Cajasurri bost eguneko epea eman ei dio Espainiako Bankuak Unicajarekin bat egitea onar dezan. Valentziako CAMentzat CajaMadrid ezkontidea jo du begiz bankuen ikuskaritzak, baina Valentziako Gobernuak Bancaja eta Ontinyent hobetsiko lituzke. Oraingoz mugitu den euskal kutxa bakarra, Nafarroakoa, Canariasko epelean kokatu da. Gainontzekoentzat, bat-egiteak baino, bulego eta aktiboak eurenganatzea izan liteke aukera onena.
Duda, hi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu