Langabezia

Duela urtebete baino 10.900 langabe gutxiago daude Euskal Herrian

Guztira, 146.700 langabe zenbatu ditu Gaindegiak zazpi herrialdeetan.

Langile bat, Leioako (Bizkaia) Vicrilaren lantegian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 26a
07:18
Entzun

Langabezia tasak, azken hiruhilekoan, Euskal Herriko lurralde guztietan egin du behera, eta, Gaindegiaren arabera, Europako Batasunaren antzeko erritmoan jaitsi da: 0,53 puntu jaitsi da hemen, eta 0,4 puntu batasunean. Horrela, langabezia tasak %10eko zorua apurtu du, eta %9,89raino jaitsi da INEren datuak oinarri hartuta, eta %9,92ra Eustatenak kontuan izanda.

Gaindegiak INEk eta Frantziako Inseek egindako neurketak baliatuta kalkulatu du Euskal Herrian 146.700 langabe zeudela ekainaren amaieran, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 langabe gutxiago, eta duela urtebete baino 10.900 gutxiago.

INEko datuen arebera, langabezia tasaren jaitsiera handiena Bizkaian (-0,98 puntu) eta Nafarroa Garaian (-0,61) gertatu da. Araban, ostera, oso ezberdina da datua, inkesta egin duen institutuaren arabera: INEk dio langabezia tasa berdintsu mantendu dela Araban (-0,01), eta Eustatek, 1,70 puntu apaldu dela. Bestalde, azken hiruhilekoan herrialde gehienetan handitu da biztanleria aktiboa, Ipar Euskal Herrian salbu.

Lurraldeka, bakarrik bi dira %10etik gorako langabezia tasa daukatenak: Bizkaia (%11,63) eta Araba (%10,53). Aldiz, %10etik behera daude Nafarroa Garaia (%9,93), Ipar Euskal Herria (%8,11) eta Gipuzkoa (%7,55).

Edonola ere, Euskal Herriaren langabezia tasa Europako Batasuneko batez bestekoa baino 2,9 puntu handiagoa da. Hain zuzen ere, Euskal Herria bosgarren postuan dago langabezia handienen zerrendan, eta bakarrik Italia (%11), Katalunia (%11,4), Espainia (%15,3) eta Grezia (%19,8) dauzka aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.