Dynamobeleko langileen geroa, administrazioaren esku

Nafarroako Gobernuak enplegu erregulazioa onartzen badu, 49 langile kaleratuko ditu Berriobeitiko enpresak

Erredakzioa
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Langileen eta zuzendaritzaren akordiorik gabe. Hala bukatu dira Berriobeitiko (Nafarroa) Dynamobel-Movinord enpresak aurkeztutako erregulazioaren inguruko negoziazioak. Erabakia hartzea Nafarroako Gobernuari dagokio orain. Erregulazioa onartzera, 49 langile kalean geratuko lirateke. Langileek dosierra atzera botatzeko eskatu diote.

Igor Arroyo LABeko kidearen hitzetan, ez dago inolako arrazoirik erregulazio neurriak ezartzeko. Dynamobelek azaldu du ez duela galerarik izan inoiz; alderantziz, urtero bitik gora milioi euroren irabaziak ateratzen dituela. Horrebestez, buruz jokatzeko eta dosierra ez onartzeko eskatu dio administrazioari.

Sondikako Troquenor enpresako langileak ere ez daude amore emateko prest. Hogeita bost egun daramatzate greban, zuzendaritzak 38 langile kaleratu nahi dituelako. Atzo, Bilboko epaitegietako atarian elkarretaratu ziren, haiei dagokielako zuzendaritzak aurkeztutako enplegu erregulazioaren inguruan erabakia hartzea. Langile batzordeak ez du kaleratzerik onartuko, nahiz eta enpresak konkurtso legera jo behar izan duen, hartzekodunei zorrak ordaindu ezinik dabilelako. Ekoizpena jaitsi egin dela arrazoituta aurkeztu du enpresak erregulazioa, baina, langileen arabera, nahikoa lan karga dute, eta ez dago erregulazioa onartzeko motiborik.

Jabeak ikertzeko eskaera

Lemoako Laron enpresak ere konkurtso legera jo zuen hilaren hasieran. ELAren esanetan, enpresaren egoera oso delikatua da, akziodunen utzikeriaren ondorioz. Beren erantzukizunei uko egin eta azken hilabeteotan enpresa erabat baztertuta utzi dutela dio. Irtenbide bideragarriak bilatzen saiatu ere ez egitea egozten die ELAk akziodunei. Aldiz, «kontabilitate trikimailuak erabilita enpresari bere izenean zeuden ondasunak kendu dizkiote, eta familiako beste enpresei eman». Sindikatuaren irudiko, enpresa ixtea da jabeen asmoa, baina ez daude prest dagozkien erantzukizunak hartzeko. «Fogasaren eta INEMen kontura itxi nahi dute enpresa, Sicavak eta etxegintzako enpresak kudeatzen dituzten bitartean».

Horiek horrela, ELAk eskaera garbia egin dio konkurtso legera jo duten enpresez arduratzen den epaitegiari: ikerketa serio bat egin dezala. Sindikatuaren iritziz, epailearen aldetik ez litzateke zuzena besterik gabe enpresa ixteko agintzea, horrela akziodunek hasitako lana bukatu besterik ez lukeelako egingo. Hain zuzen, hori da jabeek nahi dutena. Baina, ELAk dio beharrezkoa dela jabe horien enpresa taldea sakon aztertzea, eta egin dituzten mugimenduak zeintzuk izan diren argitzea.

Alonsotegiko Thyssenkruppeko zuzendaritzaren eta langileen harremanak erabat gaiztotu dira. Enpresak iragan ekainean jakinarazi zien lantegia ixteko asmoa zuela eta, ondorioz, 120 langileak kalean geratuko zirela. Orduz geroztik, hamaika protesta ekimen egin dituzte, baina atzora arte jarraitu zuten zuzendaritzarekin kaleratze baldintzaknegoziatzen. Atzo, baina, negoziazioak hautsi zituzten, eta langileek, protesta gisa, itxialdia hasi zuten Alonsotegiko udaletxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.