EAEk saldo positiboa izan du kanpo merkataritzan, inportazioak amiltzeagatik

Inportatu baino 2.328,3 milioi gehiago esportatu dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Erredakzioa
2010eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Inportazioak ikagarri amiltzeari esker, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak kanpo merkataritzako saldo positiboa berreskuratu zuten iaz. Hiru lurraldeetako enpresek inportatu baino 2.328,3 milioi euro gehiagoko ondasunak esportatu zituzten. Estaldura tasa %98,9tik %119ra igo da.

Merkataritzarentzat azken hamarkadetako urterik txarrena izan zen 2009a, %12 jaitsi baitzen, joan den astean Merkataritzaren Munduko Erakundeak jakinarazi zuenez.Euskal Herria ez zen salbuespena izan. Guztira, 14.606 milioi esportatu zituzten enpresek, 2008an baino %26,6 gutxiago. Eustat 1979an datuak biltzen hasi zenetik, 1986an (-%23,3), 1987an(-%3,5) eta 2001ean (-%2,3) baino ez ziren jaitsi esportazioak.

Metalen eta produktu metalikoen esportazioak %39,6 jaitsi ziren, %22,9 material elektrikoak eta %17,4 garraio materialak. Gipuzkoan %22,8 gutxitu ziren, %25,5 Bizkaian eta, Mercedesen eraginez, %32,8 Araban.

Are gehiago gutxitu dira inportazioak: 12.277 milioi eurokoak izan ziren, 2008an baino %38,9 gutxiago. Gipuzkoan %31,5 jaitsi ziren, Bizkaian %40,6 eta Araban %41,3.

Azken hilabeteetan hobera

Inportazioen zati handi bat erregaiari dagokio, ia-ia guztia kanpotik datorrelako. Produktu energetikoak kontuan hartu gabe, are alde handiagoa dago esportazioen eta inportazioen artean: 5.289 milioi eurokoa. Hau da, produktu ez energetikoetan, inportazioak baino %65,4 handiago dira esportazioak.

Urteak aurrera egin ahala, merkataritza suspertu egin da. Urteko azken hiruhilekoan %15 handitu ziren esportazioak aurreko hiruhilekoarekiko, eta %7,6 inportazioak. Edonola ere, 2008ko azken hiruhilekoan baino %11,1 txikiago izan ziren esportazioak, eta %18,3 txikiago inportazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.