Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek jarritako salaketei erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin du gauez tabernak ixteko eta lokal horien segurtasun neurriak indartzeko Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 19an kaleratutako agindua. Argudiatu du Osasun Sailaren neurria «arrazoitua» dagoela, azken egunetan izan diren koronabirus «foku ugariak» direla eta, besteak beste.
Epaimahaiak aitortu du orain hartu duen irizpideak «kontraesanezkoa» irudi dezakeela. Izan ere, abuztuaren 14an sala berak Jaurlaritzaren antzeko debeku baten aurka egin zuen, ostalariei arrazoia emanez. Epaileek azaldu dute gisa horretako erabakiek «izaera dinamikoa» izan behar dutela, eta «birusaren kutsatze hedapenaren arabera» hartu behar direla. Azpimarratu dute Osasun Publikoko Zuzendaritzak kasu honetan emandako datuak «zehatzagoak» direla eta birusaren agerraldi gehiago jasotzen dituela.
Ostalarien helegiteari erantzunez, onartu dute agerraldi horietako batzuk ezin direla zuzenean establezimenduei egotzi, baina azpimarratu dute «nabaria» dela kutsatze ugari gaueko aisialdian eta lokal asko biltzen diren eremuetan gertatu direla. «Ordu horietan jende asko biltzen da, eta zaila izaten dela kaleetatik ateratzea, zenbait herritan gertatu den bezala».
Hori dela eta, Osasun Sailak adostutako neurriak egokiak direla uste dute. «Osasun arloko interes publiko batean gaudenez, kasu honetan pandemia batean, lehentasunezkotzat jo behar dira horri aurre egiteko neurriak, eta hartu direnak, oro har, birusaren hedapena kontrolatzeko helburuarekin proportzionalak dira», azpimarratu dute Luis Garrido, Javier Murgoitio eta Garbiñe Biurrun epaileek.
Ostalariek, salaketaz gain, protestak egin dituzte, eta kezkatuta agertu dira euren etorkizunarekin.