2015ari begira baikor da Acicae EAEko automozio klusterra. Bilakaera "ona" ari dira izaten sektoreko enpresak, iazko emaitzak horren lekuko. 13.747 milioi euro fakturatu zituzten, 2013an baino %5,2 gehiago; hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %21 adinako diru sarrerak izan zituzten. 36.000 langile aritzen dira sektorean. Urtebetean %3,6 hazi da enplegua.
Fakturazioaren %90 esportazioen bidez eskuratzen du sektoreak, erdia baino gehiago Europatik kanpo. Enpresek 230 ekoizpen zentro dituzte atzerrian, 29 herrialdetan banatuta, gehienak gorabidean diren guneetan. 40.000 lagunek egiten dute lan haietan.
Salmenten %60 ibilgailu ekoizleei egiten dizkiete, %38 lehen mailako hornitzaileei eta %3 ordezkotarako izaten dira. Fakturatutakoaren %2,7 bideratzen dute ikerketa eta garapenera eta %1,7 langileen prestakuntzara.