Eustat Euskal Estatistika Erakundeak kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu du gaur. Horren arabera, %0,4 handitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina urteko hirugarren hiruhilekoan. Aurreko hiruhilekoan, apiriletik ekainera izandako hazkunde ehuneko bera da.
Igoera horri esker, urte arteko tasan hazkundea %1,3 izatera iritsi da uztail eta irail bitartean, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago.
Kontu ekonomikoen xehetasun guztiak datorren azaroaren 14an argitaratuko ditu Eustatek. Hazkundea gidatu duten faktoreak, edonola ere, industria eta zerbitzu sektoreen ekarpena handitu izana dira. Era berean, eraikuntza sektorearen erorketa erritmoa moteldu da. Nafarroako Estatistika Erakundeak, berriz, bihar argitaratuko du BPGaren datu eguneratua.
Enpleguari dagokionez, hiruhileko batetik bestera %0,1 handitu da. Lanaldi osoko lanpostu parekoetan neurtzen du Eustatek enplegua. Urte arteko tasan, berriz, %0,5 handitu da lanpostu kopurua. Alegia, 4.300 lanpostu gehiago daude. 2008. urteko bigarren hiruhilekotik ez zegoen halako hazkunderik enpleguan. Hori bai, orduan baino 100.000 lanpostu gutxiago daude orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, kontu ekonomikoek egindako neurketari jarraituz.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1 handitzea da. 2015. urtean, berriz, ekonomia apur bat indartu eta %1,7 gora egitea kalkulatu du. Urteko batez bestean aurten enplegu galerarik gabe amaitzea espero du Ogasun eta Finantza Sailak. Heldu den urtean, berriz, enplegu sorrera garbi txikia iragarri du, %0,7. Hori 5.800 lanpostu inguru lirateke.
Europako Batasunean hazkundea gelditu zen urteko bigarren hiruhilekoan, eta ekonomia berriro erortzen hasi eta hirugarren atzeraldia gertatzeko arriskuak kezka sortu du. Azaroaren 14an argitaratuko du Eurostatek uztail eta irail bitarteko datu eguneratua.