BPG

EAEko ekonomia %2,9 handitu zen iaz

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,7 igo da barne produktu gordina. Lanpostu kopurua %2 handitu da azken urtean.

Industriak gora egin du urteko azken txanpan. FRANZISKA KRAUFMANN, EFE
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 29a
13:26
Entzun

Laugarren urtez jarraian hazkunde datu positiboak izan ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak joan den urtean. BPG barne produktu gordina %2,9 handitu da urte batetik bestera. Aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago dira. Azken hiru urteetako tasarik txikiena da, baina gutxigatik. Urte hasieran iragarri zen moteltzea ez da gertatu.

Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, gaur goizean eman du 2017. urteko azken hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoen aurrerapena. Horren arabera, industriak, eraikuntzak eta zerbitzuek gora egin dute urteko azken txanpan. Lehen sektoreak behera egin du, ordea.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, zazpi hamarrekoa izan da hazkundea, uztailetik irailera izandako tasa bera, alegia. Urte arteko tasan igoera %3 izan zen, urteko batez bestekoa baino apur bat azkarragoa.

Hazkundeari lotuta enpleguak ere gora egin du, baina tasa txikiagoetan. Urte batetik bestera EAEko ekonomiaren lanpostu kopurua %2 handitu da. Urritik abendura enplegua %0,6 igo da, halaber.

Otsailaren 23an argitaratuko ditu Eustatek kontu ekonomikoei buruzko xehetasun guztiak. Bihar, berriz, Nafarroako estatistika institutuak publiko egingo du herrialdeko BPGari buruzko datuaren aurrerapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.