Klusterreko zuzendaritzak, alabaina, «aspaldiko urterik gogorrenean» enplegua sortzeko gai izan direla nabarmendu nahi izan du. 9.055 langile ziren, eta 9.819 dira, %8,5 gehiago. Lanpostuak, hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko lantegietan sortu dituzte, EAEko fabriketan %7ko galera izan baita enpleguan. Fakturazioa horietara mugatuz gero, 2008an baino %1,9 gehiago irabazi zuten iaz, 637 milioi euroren salmentarekin.
Jose Juez Hegan-eko zuzendari nagusiak azaldu duenez, enpresetako asko erregulazio dosierretan daude oraindik, «egoera zail batean». Balio erantsia duen lana egiten badute ere, ziurtatu du enplegua galtzea «halabeharrezkoa» izan dela, eta galdutako lanpostuak 2011rako berreskuratuko dituztela espero dute enpresek.
Luzera begira, bestalde, 15 urteren buruan aireko zirkulazioa gaurkoaren halako bi izatea espero dela gogorarazi du Juezek.
Jarduerei dagokienez, aeronautika egiturak fakturazioaren ia erdia izan dira -%48,5-; motorrak, %43; eta sistemak, %6,5. Dena den, sistemek %12,3ko hazkundea izan dute 2008tik. Espazioa da, oraingoz, salmenten tarterik txikiena ordezkatzen duen jarduera, %1,9.
Hegan osatzen duten erakundeeta enpresetako ordezkariek batzar nagusia egin zuten atzo, Bilbon. Iazko txostena aurkezteaz gain, klusterreko buruzagitza txandakatzeko ere baliatu zuten ekitaldia. Sener taldeko Jorge Undak Aernnovako zuzendari Jose Luis Osoro ordezkatu du Heganeko lehendakaritzan.
I+G inbertsioak, gora
Duela hamabi urte klusterra sortu zutenetik, inoizko I+G inbertsiorik handiena egin dute enpresek 2009an. 162 milioi euro bideratu dituzte ikerketa eta garapenerako, aurreko urtean baino %32 gehiago.
Kopuru horretatik diru asko inbertitu dute Airbus A350XWB hegazkina eta Rolls-Royce Trent XWB motorra ekoizten.
Enpresa ekoizleek hartzen dute inbertsio horien zatirik handiena, hamar eurotik zortzi inguru. Izan ere, Jose Luis Osorok azaldu duenez, «kontratu arriskudunen» arabera eginiko inbertsioak egin behar dituzte, finantza erakundeek «oso gutxitan» onartzen dituztenak.
EAEko aeronautika
Salmentak. Sektoreko enpresek 1.167 milioi euroren salmentak izan zituzten iaz, aurreko urtean baino %5 gutxiago.Garrantzia. Hegan-eko enpresek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren BPGaren %6,7 sortzen dute, eta BPG osoaren %1,7.
Bazkideak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 33 enpresak eta beste lau erakundek osatzen dute klusterra. 111 fabrika dituzte.
Esportazioak. Kanpo merkatuetan Alemania da Hegan-ekoen bezerorik onena, %26,1eko kuotarekin. Ondoren, Brasilen (%19,1) eta AEBetan (%17,2) saltzen dute gehien.