EAEko langile publikoek greba eguna izango dute bihar

Behin-behinekotasuin handiari irtenbidea emateko eskatuko dute. Brusela presio egiten ari zaio Espainiari, baina auziak konponbide juridiko zaila dauka.

Sindikatuek deituta, martxoan Donostian  eginiko protesta bat. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 21a
19:20
Entzun

Hego Euskal Herriko administrazio publikoek Europa osoko behin-behinekotasun tasa handienak dituzte, eta bost-hamar-hogei urte daramatzaten langile ugari daude lantaldeetan. Europa presio egiten ari zaio Espainiari egoera hori konpon dezan. ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek greba eguna antolatu dute biharko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako alor guztietan. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte. Hona hemen auziaren gakoak.

Zenbat langile daude behin-behineko kontratuekin?

Deitzaileen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako behargin publikoen behin-behinekotasuna %38,7koa: hau da, aldi baterako 58.700 langile inguru daude. %58 Osakidetzan, %56 administrazio orokorrean, %48 hezkuntzan, eta %44 Justizian. Salbuespen bakarra Ertzaintza litzateke, behin-behinekorik ez baitago; Udaltzainen artean, berriz, %30 ingurukoa da. Alor guztietan bost urtetik gora darama behin-behinekoen erdiak inguru. Eta hala dauden hamar langiletik zazpi emakumeak dira.

Zenbat lanpostu dira egiturazkoak? 

Eztabaidaren gakoetako bat hori. Administrazioentzat zaila da kopuru hori zehaztea, aldagarria izan daitekeelako, garaian-garaiko beharren araberakoa eta horregatik jotzen dute maiz behin-behinko kontratuetara. Adibidez, SATSE sindikatuaren arabera, Osakidetzak 27.600 pertsonako egiturazko zerrenda aitortzen du, eta egun 42.000 behargin inguru ditu, erdia baino gehiago behin-behinean. ELAk egin du proposamen bat egiturazkoak zenbat izan beharko luketen zehazteko: aldi baterako langile batek postu bat hiru urtez betetzen badu, plaza hori finko bihurtu beharko litzateke eta oposiziora atera. 

Zergatik daude hainbeste langile egoera horretan?

Arrazoi ugari egon daitezke, autogobernuaren garapenarekin lotutakoak, unean-uneko koiuntura ekonomikoari buruzkoak edo lan eskaintzak egiteko askotariko zailtasun eta mugekin loturikoak —batzuetan langileek beraiek edo sindikatuek oztopatu dituzte lan eskaintzak—. Dena den, egungo egoeraren jatorria ulertzeko, hein batean, duela hamar-hamabi urteko krisi ekonomikora egin behar da atzera. Euskal sektore publikoak ordurako behin-behinekotasun tasa handia zuen, baina urte haietan hartutako zenbait neurrik kopurua handitzea eragin zuten. Epe horretan, lanpostu publikoak galdu ziren, baina zenbait alorretan zegoen beharrari erantzuteko, aldi baterako kontratazio formulak ugaritu ziren, eta apenas egin zen lan eskaintza publikorik, Espainiako Gobernuk ezarritako mugengatik, besteak beste. 

Erreleborik egon al da?

Beste gakoetako bat hori. Postu gehienak ez dira ordezkatu eta behin-behinekoekin bete dira. Euskal administrazioetako lan eskaintza publikoak Madrilek mugatuta egon dira azken urteetan eta hala daude gaur egun ere. Atzeraldi Handian, Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian egindako planak baldintzatuta, postuen %10 soilik bete ziren 2011., 2012. eta 2013. urteetako eskaintzetan. 2015. urtean %50era altxatu zen hori. Azken hiru urteetan %100eko berrezarpena orokortu da, eta %110koa jarri da zenbait esparrutan, Polizietan adibidez. Dena den, Espainiako aurrekontuetan jasotzen diren tasetara mugatu behar dira, oraindik ere, administrazio guztiak.

Aurrera begira zer asmo ditu Eusko Jaurlaritzak?

Iragarri du datozen lau urteetan 10.000 lanpostutarako eskaintza publikoa egingo duela. Horrekin batera, behin behinekotasuna murrizteko proposamen bat egin du, Kidego eta Eskalen legearen erreformarako egitasmoan. Horren arabera, oposizio batzuetan zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten interinoek ez lukete proba teorikorik egin behar, nahikoa lukete azterketa praktiko bat gainditzea. Txanda berezi horiek behin-behinekotasunak lantaldearen %40tik gora hartzen duen eremuetara mugatuko lirateke. 

Zer dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak?

Txanda berezien inguruan aurrekari bat dago, aurtengo otsailekoa, Poliziaren Euskal Legeari buruzkoa. Kasu horretan ohartarazi Espainiako Konstituzioan bermatutako konkurrentzia askearen oinarrizko printzipioaren kontrakoak direla, administrazioarekin aurrez loturarik izan ez duten hautagaiei eragotzi edo zaildu egiten dielako parte hartzea.

Zer dio Europak? 

Brusela Madrili aspaldi egiten ari zaio presioa, 1999ko zuzentarau bat bere legedira ekarri gabe baitauka. Eta erreskate funtsaren harira handitu egin du presio hori. Zuzentarau horrek dio behin-behinekotasunaren abusuzko erabilerari konponbide bat eman behar zaiola. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua erreformatzeko aukera zabaldu du Espainiako Gobernuak -horren menpe daude erkidegoetako legeak-; dena den, asko estutu beharko du bere burua Jaurlaritzaren proposamena edo beste bat hor sartu nahi badu eta, bereziki, konstituzioaren 23.2 puntuan (eta beste batzuetan) jasotzen den aukera berdintasunarekin bateragarria egiteko. Konponbide juridiko zaila dauka auziak; legelari batzuen arabera, konstituzioan aldaketak egin beharko lirateke txanda bereziak egiteko oposizioetan. Beste aukera bat izango litzateke salbuespeneko figura bat sortzea langile horientzat, baina horrek ere zalantza asko eragiten ditu. 

EBko Justizia Auzitegia ere mintzatu da auziaz, eta ebatzi du administrazioek aldi baterako kontratazioan gehiegikeriak egin dituztela. Nolanahi ere, ez da mamian sartu eta ez du esaten neurri egokiena langile horiek automatikoki finkoak egitea den ala ez. Ezartzen du Espainiako auzitegiek erabaki behar dutela administrazioen abusuei erantzuteko neurri egokiena zein den. Zabalik utzi du honako hiru neurri hauen inguruan erabakitzea: postu horiek oposizioan ateratzea; langile horiek «mugagabe ez-finkoak» izendatzea, salbuespen gisa; edo kalte ordain «eredugarriak» ematea. Hirugarren aukera ikusten du bideragarriena. 

Zer iritzi dute sindikatuek? 

Jaurlaritzaren proposamena babestu dute CCOO eta UGTk, baina ELA eta LABentzat ez da nahikoa, langile eta sektore asko bere aplikazio eremutik kanpo uzten dituelako. ELAk, gainera, Jaurlaritzaren ahalmen legegilea ezbaian jarri du, eta euskal diputatuei eskatu die Espainiako Gobernuan eragiteko duten gaitasuna erabiltzeko. Uste du «salbuespen egoera batek salbuespen konponbideak» behar dituela.

Grebaren deitzaileen diagnosiarekin bat egin du Interinok Taldeak —gehiengoa du Lakuako administrazioan—, baina ez du mobilizazioa babestu, ez dutelako «konponbide zehatzik eta adostutakorik aurkeztu». Jaurlaritzaren proposamena ere kritikatu du; uste du egin asmo dituen lan eskaintza publikoak «legez kanpokoak» direla, Europako zuzentarauak eta epaiek esaten dutelako «horien aurretik»  behin-behineko langileen egoera konpondu behar dela. Talde horrek uste du finkoak egitea dela irtenbidea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.