EAEko zerga bilketa 2019ko mailan da berriz

Jarduera ekonomikoa eta bereziki kontsumoa suspertu izanak eragin du igoera. Aurten, hiru ogasunek jasotakoa %25 handitu da

Bilboko erdiguneko saltoki handi bat, uda honetan. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 18a
18:24
Entzun

Urteko lehen zazpi hilabeteetan zerga bilketan izandako gorakada agerian uzten ari da COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren gogorrena pasatzen ari dela, eta, beraz, jarduera ekonomikoa eta kontsumoa abiadura hartzen ari direla. Urtarriletik uztailera bitarteko zerga bilketaren emaitzak 2019ko epe berean izandakoen antzekoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain arte, 8.520,6 milioi euro bildu dituzte hiru ogasunek, 2019ko uztailean baino bederatzi milioi gutxiago, baina aurreko urteko epe berean baino %24,67 gehiago. Gipuzkoan handitu da gehien: %34,7. Bizkaian, %21,1, eta Araban, %20,5.

2020an, martxoaren erdialdeko itxialdiak erabat baldintzatu zuen orduko bilketa; horri gehitu behar zaio pandemiaren ondorioei aurre egiteko aldundiek hartutako zenbait neurriren eragina: zerga batzuen ordainketak urteko bigarren erdirako atzeratu zituzten, adibidez. Horrek guztiak 1.700 milioiko zuloa eragin zuen ogasunetan uztailera arte; 2.000 milioi eurokoa urte amaieran. Aurten, bestelakoa izaten ari da joera: datuek erakusten dute ogasunak beren onera itzultzen ari direla, 2019ko mailara.

Zerga guzti-guztien bilketa handitu da, baina, bereziki, BEZarena eta zeharkako beste zergena (hidrokarburoak, alkohola, tabakoa...). Aurten, administrazioek pertsonen joan-etorriei eta jarduera ekonomiko batzuei jarritako mugak eta debekuak ez dira iazkoak bezain gogorrak izan, eta horiek malgutu izanak eragin nabaria izan du, kontsumoan bereziki. Araban %23,3 handitu da zerga horien bilketa; Bizkaian, %20,9, eta Gipuzkoan, %27,3.

Datu ez-homogeneoak

Zerga zuzenen bilketan ere izan da igoera, oraingoz: PFEZ pertsona fisikoen errentarenean eta, neurri apalagoan, sozietate zergarenenean. Kontuan hartu behar da bi zerga horiek aurreko urteko irabaziak zergapetzen dituztela, eta ez aurtengoak, eta gogoratu behar da, halaber, iazko bilketak nabarmen egin zuela behera, ordaindu beharreko errenten bilketa eta beste zerga batzuen ordainketak atzeratu egin zirelako. Horregatik, urte batetik besterako konparazioak ez dira homogeneoak.

Hala, Araban, uztailera arte % 16,2 gehiago bildu dituzte zerga zuzenekin. PFEZarenean %19,8ko igoera izan da. Sozietate zerga, berriz, %1,5 hazi da. Bizkaiko Ogasunak, berriz, % 19,8 gehiago bildu du zerga zuzenekin. PFEZarena %21,5 handitu da, baina sozietateena %5,3 jaitsi da. Litekeena da jaitsiera horrek lotura izatea aldundiak iaz zerga horretan ezarri zituen kenkariekin eta epeak malgutu izanarekin. Horiek hala, Arabako Ogasunak egin duen bezala, Bizkaikoak ere nabarmendu du bi zerga horien bilakaera orokorra kanpaina amaitzean egiaztatu ahal izango dela.

Gipuzkoan, berriz, %47,9 igo da zerga zuzenen bilketa: PFEZarena, %40, eta sozietateena, %22. Aldundiak azaldu duenez, igoera garrantzitsu hori ulertzeko kontuan hartu behar da 2020an PFEZaren kanpainen eta ondarearen gaineko zergaren diru sarrerak abuztuan kontabilizatu zirela, eta oraingo ekitaldian, uztailean.

Gainera, aldundien arteko bigarren doikuntza egin da, eta Bizkaikoak beste bi ogasunei emandako kopurua % 39,8 handitu da: 581,2 milioi eman dizkio Gipuzkoari, eta 209 milioi Arabari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.