EAEn 124 kooperatiba sortuko dira 2011 amaitzerako

Kooperatiben nazioarteko urtea ospatuko da 2012an, eta Konfekoopek hogei ekitaldi antolatu ditu

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Egoera ekonomiko onak egokiak dira kooperatibak sortzeko, kopuruz gehiago sortzen direlako. Hori ez da datu deigarria. Baina «krisi garaian, enpresak sortzen ez direnean, kooperatibek sortzen jarraitzen dute», Javier Goienetxea Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederaziokopresidentearen hitzetan. Horren adierazle da 2011. urtea amaitzen denerako 124 kooperatiba sortuko direla Konfekoopen babesean. Arrakastaren datu ziurragoak ere aipatu dituzte. 2010ean Konfekoopeko irabaziek %4 egin zuen gora: 9.524 milioi eurorenak izan ziren. Datu baikorrak direla azaldu du Goienetxeak, eta azpimarratu du kooperatibena «krisi egoeretara ongien egokitzen den eredua dela». Horretan bat etorri da Felipe Yarritu Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria ere, «zikloen aurkako eredua» dela eta «krisi garaian ere hazten jarraitzen» duela adierazi baitu.

Urtetik urtera hazten doan eredua da kooperatibena. Aurten izango duen hazkundea kontuan izan gabe, 825 kooperatibaren ordezkaria da Konfekoop —380 Gipuzkoan, 304 Bizkaian eta 139 Araban—; denera 55.700 langile dauzkate. Kopuru horretatik, 38.475 dira langile eta bazkide aldi berean.

2012a, kooperatiben urtea

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2012a kooperatiben nazioarteko urtea izendatu du, eta data hori aprobetxatuz, Konfekoopek hogei ekitaldi antolatuko ditu.«Euskal herritarren artean kooperatibek gizartean sortzen duten eragin sozio ekonomikoaren inguruko kontzientzia sortu nahi dugu», Goienetxearen hitzetan. Eta, horren ondorioz, kooperatiben sorrera eta hazkundea bultzatu nahi dute.

2012an egingo dituzten ekitaldien artean, pare bat azpimarratu dituzte antolatzaileek: TESS gizarte ekonomiaren jardunaldia —otsailaren 1ean egingo dute, Donostiako Kursaalean— eta gizarte ekonomiaren ikerlarien XIV. jardunaldi nazionala —ekainaren 20, 21 eta 22an egingo dute, Donostian eta Oñatin—. Azken horretarako, Nafarroa eta Iparraldeko adituak ere gonbidatu dituzte. Hezkuntzaren esparruan kooperatiben gaia jorratzeko, Elkarrekin bizitzen ikasi: talde kooperatiboak izeneko ikastaroa eta irakaskuntzako marrazki lehiaketa ere antolatu dituzte, besteak beste.

Mahai inguru eta jardunaldiez gain, ospakizunetarako tartea ere egingo dute. Izan ere, azaroaren 11n kooperatiben festa eguna egingo dute Durangon, Landako gunean. «Ezkerraldean orain dela urte batzuk egiten zuten nazioarteko kooperatibisten eguna, eta hori berreskuratu nahi izan dugu guk 2012rako», Goienetxeak azaldu duenez. Era horretan, kooperatibistentzako eta euren familientzako festa eguna antolatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.