Egoera ekonomikoa hobetzen ari dela erakusten duten zantzuei buruz hitz egiten den arren, enplegua erregulatzeko espedienteei dagokionez ez da igartzen jaitsiera joera argirik. Hilabete batean gora egiten dute espedienteek eta hurrengoan behera.
Ekainean 148 baimendu edo jakinarazi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.331 langileri eragiten diete. Maiatzeko datuekin alderatuta, 29 gehiago dira, eta haien eraginpean geratutako langile kopurua ia bikoiztu egin da. Aldiz, iazko ekainarekin konparatuta 33 gutxiago dira, eta langile kopurua %35 murriztu da.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailaren arabera, ehun izan dira kontratua eteteko espedienteak (1.242 langileri); 39 kasutan lanaldia murriztu da (228 langileri), eta langileak kaleratu dira bederatzi espedienteren bidez (161).
Nekazaritzan eta arrantza sektorean soilik gehitu dira espedienteak maiatzetik ekainera bitartean, mantendu egin dira industrian eta eraikuntzan, eta gutxitu zerbitzuetan. Gaur egun, 14.457 langileri eragiten dieten 1.103 espediente daude indarrean; espediente horietatik 847 (% 77) aurreko baten jarraipena dira.