EAEn 15.600 lanpostu galdu dira 2008. urteko azken hiruhilekoan

Krisiaren astinduak langabezia tasa %1,1 igoarazi zuen urritik abendura: 10.900 langabe gehiago, Eustaten arabera

Ivan Santamaria.
2009ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Langabezia teknikoaren azpitik daude oraindik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hasiera batean albiste ona izanik, 2008. urteko azken hiruhilekoak argi erakutsi du krisi ekonomikoa iritsi dela eta hala enplegua galtzeak nola langabeziaren hazkundeak erritmo oso bizia hartu dutela.

Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, Populazioa Jardueraren Arabera inkestaren datuak ezagutarazi zituen atzo. Urria eta abendua bitartean zailtasunak areagotu direla bistan da, epe horretan 15.600 lanpostu garbi galdu baitziren.

Joera kezkagarria da, enplegu gehiena industrian deuseztatu baitzen (9.400 landun gutxiago). Urteko lehen bederatzi hilabeteetan eraikuntzaren jaitsiera orekatu zuen industriak, baina azkenean ez dio enpleguari eutsi. 2008 osoa kontuan izanik, 18.600 lanpostu galdu ziren, orotara.

Lan bila ari dira dagoeneko 46.400 lagun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, 10.900 pertsona gehiago dira. 2008ko azken hiruhilekoan langabezia tasa %1,1 hazi zen, eta urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan %3,5 tasari eutsi zitzaion arren, urtea %4,6an bukatu da, daturik txarrena 2006ko lehen hiruhilekotik.

Herrialde guztietan igo da lanik gabe geratu diren pertsonen kopurua, baina kolpea bereziki larria izan da langabe gutxien zuen herrialdean: Araban. Urteko hirugarren hiruhilekoan 1.900 langabe ziren, eta orain 8.200 langabe dira, urritik abendura bitartean kopurua laukoiztu eta gero. Araban langabezia tasak %5eko maila teknikoa gainditu du dagoeneko, eta %5,4 zen urte amaieran.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere igo da langabezia, apalago. Bizkaiari dagokionez, %4,9 zen tasa urteko azken hiruhilekoan (%0,4 igo da irailetik, eta %1 2007ko itxieratik). Gipuzkoan, berriz, tasa %3,9 da, irailean baino %0,9 gehiago. Aurreko urtean baino %1,5 handiagoa da.

Urteko langabeziaren batez bestekoa %3,8 izan zen EAEn, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak orain dela astebete egin zuen iragarpena baino %0,1 gehiago. Aurten batez bestekoa %5,1 izango dela kalkulatu du Jaurlaritzak. Gutxi gorabehera 15.000 lanpostu galduko dira iragarpena betetzen bada.

Jaurlaritza kritikatu du CCOOk

CCOOren irudiko, Eustatek atzo kaleratu zituen datuek aurreikuspen ezkorrenak egiaztatu dituzte, eta krisia Espainian baino beranduago iritsi arren, bortitza izango da, eta eragin handiena industrian izango du.

Langabe kopurua hiruhileko batetik bestera %31 handitu dela ohartarazi zuen sindikatuak. Era berean, iraila arte izandako landunaren hazkundea «kualifikazio gutxikoa eta soldata eskasekoa» izan zela adierazi zuen CCOOk, ohar baten bidez. «Lan merkatua prekarietate handiko egoeran geratu da, eta krisiak irauten badu traumatikoa izan daiteke».

Arrazoi horietan oinarrituz, jarrera aldatzea eta gizarte eragileei mintzaide ahalmena aitortzea eskatu zuen sindikatuak. Horren haritik, 2007. urtean Eusko Legebiltzarrak adostu zuen modura «benetako industriaren behatoki bat» martxan jartzea «bereziki garrantzitsua» dela uste du CCOOk.



Erregulazioen datuak «ezkutatzea» egotzi dio ELAk Lan Sailari

Ez da lehen aldia, eta ELA sindikatuak berriro egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari erregulazio eskaeren inguruko informazioa «ezkutatzea». «Eskatzen diren erregulazioei edo Lan Ordezkaritzan tramitatzen direnei buruzko informaziorik ez dugu», adierazi zuen sindikatuak ohar baten bidez.

ELAren ustez, «bistan da» patronalaren eta Lan Sailaren arteko «lankidetza», erregulazioen bidez ehunka kaleratze eta lan baldintzen aldaketak planteatzen ari diren bitartean. Datuak ezkutatuz, ELAren arabera, kontsulta epean enpresaburuen jarrerari «laguntzea» litzateke departamenduaren asmoa. Enpresaburuek eskaerak onartuko zaizkiela «badakitela» salatu du ELAk, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.