EAEn 95.177 lan istripu izan ziren iaz, 2008an baino %8,4 gutxiago

Jaitsiera langabeziaren ondorio dela aitortu du Osalanek, prebentzio neurriak sendotu direla nabarmendu badu ere

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ekonomiaren adierazle guztien antzera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz izandako lan istripuen kopuruak ere behera egin zuen. Osalanek atzo aurkeztutako datuen arabera, 95.177 lagunek izan zuten ezbeharren bat lantokian 2009an, aurreko urtean baino %8,47 gutxiago, hain zuzen ere. Pilar Collantesek «prebentzioaren alorrean sustatuko neurrien emaitza» deritzo jaitsierari, langabeziak ere zerikusi handia duela aitortu arren: «Lan arriskuen menpe egondako langileen kopurua ere murriztu da».

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak EAEko 2009ko lan istripuen balantzea egin zuen atzo, Bilbon. Aurkeztutako datuak oraindik itxi ez badituzte ere, ezbehar mota guztietan eman da jaitsiera. Arinak, 2008an 48.361 izan ziren, eta iaz, 38.890, %19,58 gutxiago alegia. Larriak, berriz, 306 izan ziren 2008an, eta 277 iaz, (%9,48). Hilgarriak ere gutxiago izan dira, %19,48, hau da, 77 izan ziren 2008an eta 62 iaz, Osalanek emandako datuen arabera.

Lanean gertatu ziren istripu guztietatik, 39.208k langilearen gaixoaldia eragin zuten, 2008an baino 9.500 gutxiago, eta horien artean, 4.008 in itinere izanziren, lanerako bidean edo lanetik etxerako bueltan gertatutakoak.

Gora egin duen datu bakarra gaixoaldia eragin ez zuten laneko ezbeharrena izan da. 2009an 55.969 izan ziren, aurreko urtean baino 700 inguru gehiago.

Guztira, 10.000 langiletik 46 lan istripu izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2009an.

Laneko gaixotasunen susmoa

Laneko gaixotasunei dagokienez, iazko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte, 2.536 aitortu zirela azaldu zuen Collantesek. Eremu horretan onartutako legeak hobetu diren arren, osasun sistemak onartutako eritasun kopuruak «pixka bat bakarrik egin du gora». Espero zituzten emaitzak lortu ez dituztelako, laneko gaixotasunak antzemateko lan batzordea martxan jarri du Osalanek.

Esparru horretan administrazioak «azterketa zorrotzak» egin behar dituela esan zuen lan osasuneko adituak, besteak beste, osasun sistema publikoak bere egiten dituen kostuak benetan ordaindu behar dituen edo mutualitateek zein enpresek ordaindu behar dituzten.

Aitortutako laneko eritasunen kasu gehienak, 1.800 baino gehiago, gizonezkoenak izan zirela diote datu ofizialek. Emakumeak lan merkatuan sartu diren heinean, alabaina, gero eta gehiago parekatzen ari direla ohartarazi zuen Osalaneko buruak.

Collantesekin batera, Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak ere parte hartu zuen agerraldian. Eraikuntza eta industria sektoreak izan zituen hizpide, haietan izaten diren istripuak Lan Ikuskaritzak «bereziki» jarraituko dituela ohartarazi zuela. Eraikuntzan, alabaina, 2009an 14 behargin hil zirela nabarmendu zuen, aurreko urtean baino %18 gutxiago, esan zuenez.

Horren harira, sektore horretarako segurtasun neurriak, legeak eta ezaugarri teknikoak biltzen dituen Seguridad práctica en la construcción eskuliburua aurkeztu zuen Osalanek, Jose Igancio Miangolarra egilearekin batera. Liburua 1983. urtean sortutakoaren «gaurkotzea» dela esan zuen Miangolarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.