«EAJ-Confebask binomioaren arduragabekeria» salatu du LABek

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak salatu du «irakurketa katastrofistak» egiten ari direla erabateko konfinamenduak ekonomian izan dezakeen eraginaz.

Garbiñ Aranburu, LABeko idazkari nagusia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 31
09:33
Entzun

«EAJ-Confebask binomioaren arduragabekeria» salatu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan. Gaineratu du erabateko konfinamendua duela hamabost egun ezarri izan balitz «ez genituzke edukiko orain dauzkagun hildako kopuruak».

Sindikalistak argudiatu du enpresetan ezinezkoa dela garbitasun neurriak eta distantziak betetzea, eta salatu du hainbat enpresa handitan norbera babesteko jantziak badituztela, kutsatzeko arrisku handia daukaten osasungintzako eta zaintzako langileek halakorik ez duten bitartean. «Lehentasunak markatzeko unean gaude: oinarrizko zerbitzuetan dauden langileak babestu behar ditugu».

Aranburuk esan d adinekoen egoitzetan egoera «dramatikoa» dela. «Babesik gabe eta langile gutxirekin ari dira, horrek osasunean duen eraginarekin». Garbitzaileen egoera nabarmendu du LABeko buruak: euren buruak babesteko neurriak eurek hartu behar izan dituztela salatu du. Ikastetxeetako garbitzaileen kasuan, adierazi du leku batzuetan lanera joatera behartu dituztela, «zer garbitu ez dagoen arren». Aranburuk esan duenez, egindako grebarengatik »zigortzeko» neurria izan da.

Confebask eta EAJ «oso irakurketa katastrofistak» egiten ari direla adierazi du, eta egoera normaltzen denean gertatuko deaz ohartarazi du: «Presio eta xantaia handiak izango dira itzultzen garenean, patronala eta Jaurlaritzaren aldetik, ondorioak langileen gainean eror daitezen». Ondorioak langileen bizkar gainean utzi nahi dituztela salatu du. «Birusak ez dituela klaseak bereizten esan dute, eta hori gezur handia da».

Alarma egoeratik ateratzen garenean, beste eredu baten aldeko borroka ezinbestekoa izango dela ohartarazi du.

Denontzako kafea

Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidenteak ohartarazi du Araban, Bizkaian eta, Gipuzkoan dagoeneko 12.000 langabe gehiago daudela, eta lan jarduera bertan behera uzteko erabakia EAEren «berezitasunera» moldatzeko eskatu du. «Denontzako kafeak ez du balio», esan du.

LABek Zornotzako Aludium enpresaren «fede txarra» salatu du. Aluminio laminatua egiten du lantegiak, eta, sindikatuaren arabera, «behartzen» ari da lanera joatera, legearen zirrikituak «fede txarrez» erabilita. Botikagintzaren industriarako ari dela argudiatu du enpresak, nahiz eta hori bakarrik ekoizpenaren %10 izan. LABeren salaketaren arabera, enpresak ekoizpenaren %75ekin jarraitu nahi du, eta gaueko txandakoak eraikuntzarako materialak ekoizten aritu dira. Langileok protesta egin dute lantegiaren barruan, goizeko seietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.