Kutxabanken etorkizuna, pribatizazioa dela eta, lehen lerroko eztabaida bihurtu da aspaldian, eta EAJ bete-betean sartu da eztabaida horretan, ELA sindikatuak galdeketa eskatu ondoren. Kutxabank pribatizatu ala ez galdetzea nahi du sindikatuak. "ELA-STV sindikatuaren gezur larrien aurrean", dio EAJren EBBk igorritako ohar gogorrak. "Honako hau esan nahi dugu: egia esaten ez duena da gezurtia, eta ELAko buruzagiek ez zuten atzo egia esan. Ezin da geratu hasi ez dena, eta ezin da geratu gertatuko ez dena, Kutxabanken ustezko pribatizazioa". Ohar horrek astelehenean Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ETB2 katean esandakoa berretsi du, beraz: Kutxabank ez dela pribatizatuko.
Kutxabankek diru gordailuak dituztenak, bezeroak eta erakunde fundatzaileak hartu behar ditu kontuan, EAJren ustez. "Beraz, ELAk berea ez den rola hartu du, ez dagokiolako ordezkaritzarengatik". Sindikatuari, uneoro "ELA-STV" gisa erreparatuz, eskatu dio argitzeko zein den Kutxabankekin duen lotura, "bezeroarena, gordailuen titularrarena edota bere erresistentzia kutxaren dirua Kutxabanken ote duen".
Manipulazio demagogikoa
ELA "manipulazio demagogikoan" ari dela salatu du EAJk, "euskal gizartea beldurtzeko asmoz, oro har, eta bezeroak partikularki". Gizartean "lidergo rol bat" eduki nahi duen erakundea "arduragabea" izaten ari da EBBren ustez. Areago, "berriro ere", dio EAJk, "ELA-STV bat dator Ezker Abertzalearen estrategiarekin". Kutxabaken aurkako kanpaina batean ari da ELA, Sabin Etxeko alderdiak dioenez, "eskuz esku" ezker abertzalearekin, eta helburu "erabat politikoak" dituela kanpaina horrek.
EAJk "bermea" eman dio euskal gizarteari Kutxabank "euskal finantza erakundea" izan dadin aurrerantzean ere, kutxetatik aterako diren fundazioen kontrolpean. "Gizarte ekintza sustatzen jarraituko du Kutxabankek, gure herrialdearen giza garapenerako, eta Euskadiko industria eta ekonomia ehunaren parte hartzea eta presentzia izango du".