EAJk berretsi du Jaurlaritzako altxortegian zerbait larria pasatzen dela

Ortuzarrek gardentasunez eta erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Lopezen gobernuari

Erredakzioa
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
EAJk berean jarraitzen du. Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko lehendakariaren ustetan, «badaude sintomak Eusko Jaurlaritzako altxortegian zerbait larria gertatzen dela pentsatzeko». Horregatik, gardentasunez eta erantzukizunez jokatzeko eta «Euskadiren egoera ekonomikoaz egia kontatzeko» eskatu zion atzo Eusko Jaurlaritzari, Onda Vascari emandako elkarrizketa batean.

Ortuzarren esanetan, «EAJk sekuentzia bat du, eta sekuentzia objektiboa da». Gogorarazi zuen duela hiru aste Patxi Lopez lehendakariak PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga gainkargatzea proposatu zuela eta duela hamar egun Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Iñigo Urkullu EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteari laguntza eske hots egin ziola. Gainera, Jaurlaritzak faktura batzuen ordainketa atzeratu duela eta laguntza batzuk emateari utzi egin diola baieztatu zuen Ortuzarrek. «Horiek guztiak zerbaiten sintoma dira, zerbait larriaren sintoma».

Adierazi zuen EAJk ez daukala inolako interesik gauzak gaizki joan daitezen. «Nahi dugun bakarra da gauzak gaizki doazenean jakitea eta, batez ere, ataka honetatik nola atera gaitezkeen esatea norbaitek». Eta Urkullu defendatu zuen, ukatu egin baitzuen EAE porrot egiteko zorian zegoela adieraztean arduragabe jokatu izana. «Gardentasunez jokatu zuen, Jaurlaritza honek egiten ez duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.