ekonomia

EAJk ekonomiaren "hazkunderako" egutegia aurkeztuko du

Proposamen politiko-ekonomikoa osatu du alderdi jeltzaleak. Hazkunderako baldintzak egon badaudela iritzi dio Iñigo Urkulluk; besteak beste, EAEk eskumenak badituelakoan.

2012ko maiatzaren 4a
21:53
Entzun

"Dauden aurreikuspenen arabera urte amaieran egoera ekonomiko are larriagoa" izango dela iritzita, EAJk proposamen politiko-ekonomikoa osatu du, eta, bertan, besteak beste, "euskal gizarteari hazkunderako" egutegia aurkeztuko diotela iragarri du gaur Iñigo Urkullu EBBko presidenteak.

Horretarako baldintzak egon badaudela iritzi dio. Batetik, Europako Batzordeak politika ekonomikorako zuzentarau berriak iragarri dituelako. Bestetik, EAEk eskumenak badituelako: "Oinarrizko eskumenak ditugu, politika ekonomikoa berriz abiatzeko. Finantza sistema egonkorra ere badugu. Enplegu politika eraginkorrak zuzentzeko eskumen osoa dugu. Legeak egiteko eta betearazteko osoko gaitasuna dugu, enpresei eta industriari laguntzeko. Ekintzaileen egitasmoak finantzatzeko. Gehiago egin dezakegu. Eta gehiago egin nahi dugu. Euskadik gehiago behar du”.

Administrazio publikoaren kudeaketan "zorroztasuna" ezarri nahi du EAJk; zerga arloan "ziurtasuna" eskaini, eta industriari eta produkzio ehunari lagundu beharra ere ikusten du —ekonomia produktiboaren aldeko apustua, industria politikaren aldeko apustua, enpresei zuzenean eta zeharka laguntzeko neurriak, dibertsifikazio, berrikuntza eta nazioartetzerako neurriak...—.

EBBko kideen eta EAJko kargudun insitituzional gorenen arteko "bilera politiko-ekonomikoa" egin dute Bilbon, Sabin Etxean, "egoera ekonomikoaren larritasuna kontuan harturik. Iazko uztailetik hona bizi izan dugun egoerarik delikatuenean gaude orain".

Hori hala, Urkulluk esan du hiru helburu planteatu dituela EAJk. "Lehenengo eta behin, Euskadi eta haren inguruan den egoera ekonomikoaren inguruko diagnosi errealista eta osoa partekatzea. Bigarrenez, oraingo errealitate honetara egokitutako politika ekonomikorako printzipioak eta lehentasunak ezartzea. Eta, hirugarrenez, euskal gizarteari hazkunderako egutegia eskaintzea”.

"Ekimenerako unea" dela azpimarratu du, eta EAJ "ekintzara bideratuta" dagoela. "Euskadik norabide aldaketa behar du bere politika ekonomikoan. Hori da gaur abian jartzen dugun prozesu honen helburua”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.