EAJk eta PSE-EEk euren ituna egin dute arlo fiskalean, eta hura bi alderdi horien arteko elkar ulermen zabal baten ataria izan daitekeela inor gutxik jartzen du zalantzan. Beste alderdi baten babesa behar dute, ordea, hainbat erakundetan itun horrek lege zehatzak eman ditzan, Araba eta Gipuzkoako batzar nagusietan, esaterako. Aldagai garrantzitsu horren jakitun, PPk bere burua eskaini zuen itun hori hiruren artean egin zedin. Oraingoz, baina, biren artekoa izan da akordioa, eta itunaren bi subjektuek "negoziazio eremua" lurraldeetako batzar nagusietan kokatu dute gaur egindako adierazpenetan, Radio Euskadin.
Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramaileak esan duenez, "elkarrizketarako eta elkar ulertzeko bidea" eskainiko dute itunaren tramitazioek . PP itunera batzeko beste aukera bat ere aipatu du, Eusko Legebiltzarrean hilaren 26an egingo duten zerga sistemari buruzko osoko bilkuran hain zuzen. Edonola ere, Egibarrek argi azaldu du bere alderdiaren prestasuna Espainiako Gobernua gehiengoarekin kudeatzen duen alderdia itunera ekartzeko.
PSE-EEk ere zabalik utzi du Arantza Quiroga EAEn buru duen alderdia itunean sar dadin, baina ñabardurekin. "Guztiekin hitz egiteko epea" zabaldu dela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean. "Negoziazio eremua" aurrerantzean ituna tramitatzeko batzar nagusietan egingo diren prozesuetan dagoela uste du Pastorrek. Eusko Jaurlaritzak babes nahikoa lortu ez zuela-eta bere aurrekontuak atzera bota zituenean sortu zen EAJrekin egin duten akordioarako baldintzak, PSE-EEko bozeramailearen arabera.
Radio Euskadiko mahai inguruan Borja Semper PPko legebiltzarreko bozeramailearen aurrean aritu dira Egibar eta Pastor, eta hark garbi adierazi du alderdi bi horiek "akordio zabalgoa" egiteko aukera itxi izana "oker nabarmena" dela.
EAJ eta PSE-EEren itun fiskala bihar sinatuko dute Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Patxi Lopez sozialisten buruzagiak. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere izenpetuko du agiria. Argazkitik haratago, ordea, alderdiok besteren baten babesa jasotzeko lana izango dute datozen egunetan zerga erreforma aurrera eramateko.