Alfonso Gil PSE-EEko Antolakuntza idazkariak iragarri du EAJk Kutxabank EAEko aurrezki kutxa berriko administrazio kontseiluan gehiengo osoa lortzen badu, bere alderdia ez dela sartuko proiektuan. "EAJk Kutxabank Sabin Etxetik zuzendu nahi badu, ez dezala PSErekin kontatu", esan du Gilek gaur, Radio Euskadi irratian.
Urtarrilaren 2an hasiko da martxan BBK, Kutxa eta Vital Kutxak sortutako erakundea, eta datozen egunetan osatuko dute administrazio kontseilua EAJ, Bildu, PSE eta PPren arteko negoziazioetan. Gilek gogoratu du EAEko foru aldundietan Bizkaian baino ez duela gobernatzen alderdi jeltzaleak, eta bertan, gainera, gutxiengoan dagoela.
"Euskal gizartearentzat eta ekonomiarentzat tresna baliagarri izateko, Kutxabankek aniztasuna eta oinarrizko adostasunak behar ditu", PSEko zuzendaritzakidearen ustez.
Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritziz, "jokoa gehiago banatu" behar da, eta jakinarazi du negoziazioa bi egunera bukatuta izango dela.