ekoNOMIA

EAJk Lopezi eskatu dio "aurrena izan dadila Kontzertu Ekonomikoa defenditzean"

Ortuzar Bizkaiko jeltzaleen buruak uste du gai honekin ikusiko dela Jaurlaritzako lehendakariak "lidergoa" duen edo ez. "Porrot egiten badu, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari txarra izango da".

2009ko irailaren 29a
12:01
Entzun
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari (PSE-EE) eskatu dio "aurrena izan dadila Kontzertu Ekonomikoa defenditzean", eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua (PSOE) "Kontzertua blindatzeko konbentzitu dezala". Izan ere, Ortuzarren ustez, "[Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren] autonomia frogan jarriko du gai honek, baita Lopez jaunak lehendakari gisa lidergoa baduen ere".

EAJk dio EAEko Kontzertu Ekonomikoaren "blindatzearen" alde lan egiten jarraituko duela, itun horri ahalik eta "segurtasun juridiko handiena" emateko. Izan ere, "ekonomia suspertzeko eta garapena" lortzeko ezinbesteko tresna ez ezik, "eskubide historikoa" ere bada Kontzertu Ekonomikoa, eta ezin da testuinguru politikoen arabera erabili, haren ustez.

PPk iragarria du Kontzertu Ekonomikoa blindatzearen aurka bozkatuko duela Espainiako Kongresuan eta, hala, Ortuzarrek uste du "egoera oso konplikatua" dela. PP ere konbentzitzeko eskatu dio Lopezi. "Horretan porrot egiten badu, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari txarra izango da".

Kongresuko parlamentarioek gaur jaso dute 2010eko aurrekontuei buruzko proposamenaren txostena, eta EAJk berriro azpimarratu du kontuen alde egiteko baldintzetako bat Kontzertu Ekonomikoa dela.

Jose Antonio Alonso PSOEko talde parlamentarioaren arduradunak adierazi du prest daudela EAJz hitz egiteko Kontzertuaz. "Ez dugu bermatzen, ordea, akordioa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.