EAJrentzat «bidegabekeria» da zuzenketa atzera botatzea

Espainiako Kongresuan zenbait gai ezin direla eztabaidatu dirudiela salatu du Josu Erkoreka bozeramaileak

Erredakzioa
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak bi aldiz bota du atzeraEAJk aurkeztutako zuzenketa Konstituzioak Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea onar dezala eskatuz. Aurrena, herenegun; bigarrena, atzo, herenegungo ezetzari aurkeztutako alegazioak aintzat hartu ez zituztelako. Kongresuko Mahaiak atzera bota zituen berriro. Baita ERCk Kataluniaren erabakitzeko eskubideari buruz aurkeztutakoa ere.

EAJren sei diputatuek ez zuten parte hartu Konstituzioaren erreformaren bozketan (asteartean ezetz bozkatu zuten), protesta egiteko. PSOEri eta PPri beren gehiengoa baliatuz «alperra pasatzea» eta eztabaida saihestea leporatu zien Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak: «PSOEren eta PPren gehiegikeria eta bidegabekeria da, alderdikoikeria eta bazterketa erakustaldia».

Jose Bono Kongresuko presidenteak esan zuen zuzenketak atzera bota zituztela zuzenketa horien prozedura eta atzo bozkatutako Konstituzioaren erreformarena ezberdinak direlako.

Jarrera «susmagarria»

EAJrentzat arrazoi horiek ez dira bidezkoak —«sasijuridikoak» deitu zien—, atzo onartutako Konstituzioaren erreformaren prozedura ikusia. «Susmagarria da halako arinkeriaz eta eskuzabaltasunez egin den prozedura batean zorroztasuna eta estualdia zuzenketa gogaikarrienekin hastea», esan zuen Erkorekak Kongresuan egin zuen hitzaldian. «Badirudi», jarraitu zuen, «hemen ezin direla zenbait gai jorratu».

Erkorekak gainerako diputatuei zuzenketaren edukia aztertzeko eskatu zien, «bere printzipioak baliagarriak izango baitira, bai bihar, bai hurrengo legegintzaldian, eta euskal arazoak bizirik jarraituko baitu, botere politikoen erabaki baten zain».

Erabakitzeko eskubideari buruzko zuzenketaz gain, EAJk beste zuzenketa bat ere aurkeztu zuen, Arabaren, Bizkaiaren, Gipuzkoaren eta Nafarroaren foru izaera eta berezitasuna nabarmentzeko (erreforman ez dira aipatzen), «ez baitakigu ze araudi aplikatuko zaien erreforma honen ostean». Zuzenketak Kongresuko Mahaiaren galbahea pasatu zuen, baina atzo gehiengoak kontra bozkatu zuen. Jose Antonio Alonso PSOEren Kongresuko bozeramaileak esan zuen defizitaren muga «foru ereduaren arabera» aplikatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.