EBk aire konpainia guzti-guztiei pagaraziko die karbono zerga

AEBek, Txinak eta Indiak ez dute araua onartzen; zentimorik ez ordaintzeko agindu diete beren konpainiei

2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Zikintzen duenak, pagatu dezala. Europako Batasunekoa (EB) izan ala ez. Hala erabaki du EBko Justizia Auzitegiak. Horrenbestez, urtarrilaren 1etik aurrera EBtik aireratzen diren edo EBn lurreratzen diren aire konpainia guzti-guztiek pagatu beharko dute CO2 isuriengatik. Zerga berri horrek hegaldi komertzialak eskaintzen diren enpresei bakarrik eragingo die.

Nazioarteko Aire Garraioko Elkartearen arabera, zerga berriak 2012an 900 milioi euroko gastua eragingo die aire konpainiei —tonako 13,9 euro ordainduta—, eta 2.800 milioi eurokoa 2020an —tonako 20 euro ordainduta—.

EBko agintariek erabakia txalotu dute. Baina badakite arazoak ekarriko dizkiela, arazo diplomatiko eta komertzialak, arazo serioak. Izan ere, AEBak, Txina eta India tasa horren kontrakoak dira, eta ezer ez pagatzeko agindu diete beren aire konpainiei. Connie Hedegaard Europako klima gaietarako komisarioa baikor azaldu da, hala ere. «Espero dut AEBetako konpainiek EBko legea errespetatuko dutela, EBkoek AEBetako legeak errespetatzen dituzten moduan». Kostako zaio konbentzitzea.

2003an, CO2 karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak salerosteko merkatua sortu zuen EBk. Baina sistema horretatik kanpo utzi zituen aire eta itsas konpainiak. Uste zuen NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak arautuko zituela haien isuriak eta ezarriko ziela gehienezko muga bat. Ia hamar urte pasatu dira ordutik, eta erakunde horrek ezer egin ez duenez, aire konpainiak ere 2003ko araua haren barruan sartzea erabaki du. Hala, EBko aireportuetatik aireratu edo haietan lurreratu nahi duten konpainia guztiek —EBkoek zein handik kanpokoek— airera CO2 isurtzeko eskubideak erosi beharko dituzte.

Hasieran, eskaintza bereziak

Udaberrian jakin zuten EBren asmoaren berri. Eta arauarekin desados, auzitara jotzea erabaki zuten AEBetako, Kanadako eta Txinako zenbait aire konpainiak. EBrena nazioarteko zuzenbidearekin talka egiten duen araua dela argudiatu zuten, badelako nazioarteko isurien inguruko arau bat eta Europak indarrean jarri nahi duenak neurri batean hura indargabetuko lukeelako. Auzitegiak, ordea, EBri eman dio arrazoi.

Eskuzabal agertzeko keinu bat eginez, datorren urtean isurien %85agatik ezer pagatu beharrik ez dutela esan die EBk aire konpainiei. Doan emango dizkiela horretarako eskubideak. Beraz, isurien %15agatik bakarrik ordaindu beharko lukete. 2013tik aurrera, ordea, eskubide horien portzentajea txikiagoa jasoko luke oparitan.

Alferrik. AEBek ez dute zentimorik ordainduko, ez dute EBren oparirik eta eskaintzarik onartuko. Hala jakinarazi zien Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak EBko agintariei, abenduaren 16an, eskutitz baten bidez. The New York Times egunkariaren esanetan, EBren araua bertan behera uzteko «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela zioen Clintonek eskutitz hartan. Pekindik, Brasiliatik eta New Delhitik ere antzeko mezuak iritsi dira Bruselara.

Tony Tyler Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteko zuzendari nagusi eta kontsailari ordezkariak ere berri txartzat jo du EBko Auzitegiak kaleratutako ebazpena. «Ez zaigu iruditzen merkatua distortsionatzen duten aldebakarreko erabakiek inori mesede egiten dienik. Gaiari ikuspuntu globalago batetik heldu behar genioke». Epaia errespetatzen duela adierazi du Tylerrek, epaia bere egin nahi ez duten herrialdeen jarrera ere errespetatzen duen modu berean. «Gauza bakarra daukat argi: elkarri harrika ari garen bitartean ez garela ados jarriko».

Egun batzuk barru, hegazkinen isuriak mugatzeko beste araudi bat kaleratuko du EBk. Ezarritako gehienezko muga gainditzen dutenek hegazkinen jabeei ere tasa bat pagarazikodie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.