Atzera egin du Europako Batzordeak, eta doako roaming-ari inolako mugarik ez jartzea erabaki du. Brusela aspalditik dabil sakelako telefonoa atzerrian erabiltzeagatik kobratzen dituzten gainkostuak ezabatu nahian, baina batzordearen azken proposamenak letra txikia zeukan, eta, kontsumitzaileen haserreak eraginda, bertan behera laga zuen proposamena joan den irailaren 10ean. Kontsumitzaile elkarteek pozik hartu zuten batzordeak atzera egin izana.
Proposamen hark doako roaming-ari muga jartzen zion: konpainiek gainkostua kobra zezaketen atzerrian 30 egun jarraian eginez gero, edo urtean 90 egun eginez gero. Gaur, aldiz, proposamen berri bat aurkeztu du batzordeko Komisario Kolegioak, eta Andrus Ansip Merkatu Digital Bakarrerako presidenteordeak argitu du ez dela egunen mugarik egongo. Hala ere, zehaztu du irizpide batzuk ezarriko dituztela telefonia konpainiek esku har dezaten aldizkako bidaiak ez diren kasuetan abusu kasuak detektatzen badituzte.