EBk monopolio abusua egotzi dio Appleri

Bruselak ezbaian jarri du aplikazioak erosteko bide ofizial bakarra Apple Store izatea, eta aplikazio horien garatzaileei kobratzen dizkien komisioak salatu ditu.

Applen denda bat, Berlinen. HAYOUNG JEON (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 30a
13:27
Entzun

«Abusua egon da». Argi eta garbi mintzatu da ostiral honetan Margrethe Vestager Europako Batzordeko (EB) lehia komisarioa. EBk monopolioaren aurkako legea urratzea leporatu dio sagarraren konpainiari, aplikazioen garatzaileei komisio handiak kobratzeagatik eta debekatzeagatik zerbitzu horietara harpidetzeko beste modu batzuen berri ematea. EBk ikerketa bat abiatu du Spotify musika aplikazioaren arduradunek Appleren aurka duela bi urte aurkeztutako salaketa bati erantzunez. 

Lehen urratsa egin du Bruselak, baina luze jo dezake prozesuak. Auzitegietan amaitzen badu eta Applek EBko legedia urratu duela ondorioztatzen bada, Apple Storeren bidez fakturatutako %10era arteko isuna jaso dezake konpainiak. Kolpea gogorra izan daiteke. 2019an Applek izan zituen irabazi guztietatik %5,8 (15.000 milioi dolar inguru) lortu zuen Apple Storeren bidez,

Appleren aurkakoa da gaur egun Bruselak esku artean duen monopolioaren aurkako kasu garrantzitsuenetako bat, eta EBk enpresa hori ikertuko duen lehen aldia da. Applek bere zerbitzuen salmentak %27 handitu direla ezagutarazi duen aste berean eman du bere erabakiaren berri Bruselak.

Komisioen lehia

App Store da Appleren erabiltzaileek aplikazioetara heltzeko duten modu ofizial bakarra. Applek %30eko tasa bat kobratzen die aplikazioen egile batzuei beren plataforman saltzen duten guztiagatik, izan aplikazioengatik, horien eguneratzeengatik edo aplikazioen bidez kobratzen dituzten beste zerbitzu batzuengatik. Horrek eragin du, halaber, bezeroek aplikazioengatik ordaindu behar dituzten prezioen garestitzea, eta horretara behartuta egotea, Applen sistemak beste aukerarik ematen  ez dielako. 

Horrez gain, arau multzo zorrotz bat ere onartu behar dute aplikazioen garatzaileek, datuen kudeaketarekin loturikoak eta. «Apple erosketen bitartekari bihurtzen da, eta fakturazio zerrendaren ardura hartzen du, bai eta lehiakideekin lotutako komunikazioena ere», azpimarratu du Vestagerrek.

Spotifyren salaketa aztertu ostean, EBk ondorioztatu du Applek «aukera merkeagoetara» jotzeko aukerak kentzen dizkiela erabiltzaileei, eta «lehia desitxuratzen» duela. «Batzordearen aurretiazko iritzia da Appleren arauek musika transmititzeko zerbitzuen merkatuko lehia desitxuratzen dutela, lehiakideen aplikazioen garatzaileen kostuak handitzen dituztelako», esan du Vestagerrek, ohar batean.

Appleren erantzuna

Applek erantzun du Spotifyk ez diola komisiorik ordaintzen bere harpidedunen %99ren kasuan, eta App Storeren bidez aplikazio hori erosi duten harpidedunengatik %15eko komisioa baino ez diola ordaintzen. «Beste behin ere, App Storeren mozkin guztiak nahi dituzte, baina ez dute uste horregatik ezer ordaindu behar dutenik. EBren argudioa, lehia leialaren aurkakoa da».

AEBetan ere zabalik dago Applen aurkako auzi bat arrazoi berberagatik. Epic joko garatzaileak jarri zuen salaketa, eta Appleri lehia abusua leporatu zioen, App Storeren arauak direla eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.